Umore Horia egingo dute berriz ere Igeldon, eta rapa izango dute estreinakoz
Zailtasun batzuk izan dituzte bidean, baina Igeldoko Ttonttorro jai batzordeak San Pedro jaiak antolatu ditu berriz ere; ohiko jarduerei eutsi diete, baina berritasun batzuekin ere badatoz. Atzo hasi ziren jaiak, eta hurrengo igandera arte iraungo dute.
Azken urteotan, Umore Horia lehiaketa izan da jaietako jarduera arrakastatsuenetako bat. (Argazkia: Irati Salsamendi Lozano) Donostiako auzo eta herri guztietako jaietara joaten den horietakoa bazara, oraingoan aldapa igotzea tokatuko zaizu, baina mereziko du, Igeldoko San Pedro jaiez gozatzeko izango baita.
Ttonttorro jai batzordeak bi asteburuko egitarau zabala prestatu du, haurrentzako, gazteentzako zein helduentzako jarduera tradizionalak eta berriagoak uztartuz.
Igeldokoak pozik agertu dira osatu duten egitarauarekin, baina aitortu dute zailtasun batzuk izan dituztela: «Gorabehera dezente izan ditugu. Hilabete batzuk badira jaien antolaketan murgilduta ginela, baina iritsi zen une bat, otsaila amaiera aldera, non oso pertsona gutxi elkartzen ari ginen. Jai batzordea zabaltzeko beharra ikusirik, bilera ireki batera deitu genuen. Bilera horretatik aurrera, pertsona gehiago sartu dira jai batzordean, eta azken hilabeteotan zazpi edo zortzi pertsona inguru biltzen aritu gara», azaldu du jai batzordeko kide Ainhoa Estebanek. Pandemiak eragin nabarmena izan duela gaineratu du: «Bi urteko etena nabaritzen da».
Indartsu hasi dira
Sanpedroak atzo hasi ziren Igeldon, txaparroen prestaketarekin, plazan egin zuten afari-meriendarekin, eskeko kuadrillaren afariarekin eta San Joan suarekin, eta honek ez du etenik izango uztailaren 3ra arte.
Asteburu honetan, gaurko bazkariaz gain, kirola izango da nagusi: III. Haur Krosa eta helduen krosa egingo dituzte bihar, eta arrantza lehiaketa, aretoko futbol, pala eta pilota txapelketak etzi. Sin Fronteras taldearen cumbiaren erritmora itxiko dute asteburua, eta gogoz itxarongo dute San Pedro eguna (hilaren 29a) iritsi arte, orduan hasiko baitira jaietako egunik indartsuenak.
Estebanek nabarmendu duenez, asteazkenetik iganderako egun guztiek «xarma berezia» dute: «San Pedro eguna, adibidez, oso berezia izaten da herritarrentzat. Ostiralean, aldiz, bereziki gazteentzako egitaraua osatu dugu. Larunbata ere oso egun polita izaten da, herri bazkarian herritar mordoa elkartzen baikara. Gainera, azken urteotan Umore Horia lehiaketa egiten dugu arratsaldean, eta oso giro polita sortu ohi da. Azken eguneko egitaraua ere nabarmentzekoa iruditzen zaigu; bertso saioari dagokionez, bertsolari bikainak entzuteko aukera izango dugu, eta jaiei amaiera emateko egiten dugun aurreskua ere oso polita eta hunkigarria izaten da».
Egun horien guztien tartean, ostegunean, Haurren eguna antolatu dute, askotariko jarduerekin: urezko zezena, buruhandiak, jolasak, magia emanaldia, haurrentzako herri bazkaria eta haurren pilota partidak, besteak beste.
Bestalde, nabarmentzekoa da hurrengo larunbateko (uztailak 2) egitaraua, Santa Ixabel eguna baita. Jarduera tradizionalak antolatu ohi dituzte egun horretan, baina azken urteotako joera jarraituz, tradizioa eta modernitatea uztartu dituzte: zaldi dema, herri bazkaria, IV. Oliba Jaitsiera txapelketa, Umore Horia lehiaketa eta gaueko kontzertuak antolatu dituzte, besteak beste.
Berritasunik ere bada
«Ohiko jarduerak mantendu ditugu, baina berritasunak ere badaude», nabarmendu du Estebanek. Berritasunen artean, hurrengo ostiraleko «rap lehiaketa, bazkaria, poteoa eta mus txapelketa azkarra» aipatu ditu jai batzordekoak. «Bestetik, San Pedro egunean, herriko gazteak ariko dira herri kiroletan, aurten estreinakoz. Beste urteetan, kirolariak kanpokoak izan ohi ziren, baina oraingoan ez», gaineratu du Estebanek.


