Manifestazio batekin eman diote amaiera pentsiodunen bizikleta martxari Donostian
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak antolatutako bizikleta martxa gaur eguerdian amaitu da Donostian. Ekainaren 13an abiatu ziren Donostiatik, eta “jai eta aldarrikapen giroan” Euskal Herriko eskualde guztiak zeharkatu dituzte, pentsio publiko duinak eskatzen jarraitzeko. Orotara, 700 kilometro egin dituzte pedalei eraginez.
Donostiara iritsitakoan, txalo zaparrada artean egin diete harrera Gipuzkoatik, Bizkaiatik eta Arabatik etorri diren manifestariek. Hernani kalea, Askatasunaren Hiribidea, Argentinar Errepublika pasealekua eta Bulebarra gurutzatu dituzte, Alderdi Ederren amaitzeko.
Ekitaldiari amaiera emateko, manifestu bat irakurri dute han. “Lau urte baino gehiago kalean eman ondoren, aitortu behar dugu gure borrokak merezi duela, eta Pentsioen Sistema Publikoaren aurkako erasoen aurkako eustorma bat garela. Txalo bero bat merezi dugu, eta, inoiz ez bezala, Pentsionistak Aurrera oihukatzea!”, adierazi dute.
Orainaldiko gizarte-mugimendu bat eraikitzen ari direla aldarrikatu dute, “etorkizun bikaina duena”. “Gaur ereiten ari garena, pentsio publiko duin eta nahikoa gisa jasoko dute gure belaunaldiak eta ondorengoek. Gure borrokaren bidez, gaurko pentsiodunak bermatu nahi ditugu, eta gure seme-alaba, biloba eta bilobentzat gizarte bidezkoagoa, solidarioagoa eta askeagoa utzi”, azaldu dute.
Euskal Herriko Pentsiodunen Lehenengo Martxaren helburuak berretsi dituzte, eta EAEko eta Nafarroako erakundeei exijitu diete “behar dutena egin dezatela pentsio publiko duin eta nahikoak, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta zerbitzu publiko unibertsalak bermatzeko, eta arreta-lanak eta zaintza-lanak partekatzeko”.