Omenaldi hunkigarria egin diote Isidro Yoldiri, lagunartean
Omenaldi hunkigarria egin diote eguerdian Isidro Yoldiri, Ikasbide kultur elkartean. Jende andana batu da maiatzean zendu zen Amara Berriko Urrats euskaltegiko zuzendari eta irakasle ohia omentzeko, eta bertan izan dira, besteak beste, Paul Bilbao, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia; Zigor Etxeburua, Donostiako Udaleko EH Bilduko zinegotzia; Xabier Otaegi; Ikasbide elkarteko jendea; Jexux Arrizabalaga, Irutxuloko Hitzako kolaboratzailea; Urrats eta AEK-ko euskaltegietako kideak; Donostiako Euskara Zerbitzuko langileak, auzoko Berritsu euskara batzordeko kideak eta auzotarrak. Irutxuloko Hitzako langile eta langile ohiak ere bertan egon dira, izan ere, Yoldi Irutxuloko Hitzaren sustatzaileetako bat ere izan zen.
Omenaldiaren hasieran, Yoldiren ibilbidea gogoratu du Pedro Lakuntzak, Yoldiren lankide ohiak. “Duela 36 urte Urrats euskaltegiaren sortzaileetako bat izan zen Isidro, eta, azken unera arte, horren burua eta arima izan da. Isidro, ezer baino lehen, euskaltzalea zen. Euskaltzalea eta ekintzailea. Isidrok pentsatu, antolatu, eta, batez ere, egin egiten zuen. Hiru aditz horiek ederki asko adierazten dute hainbat eta hainbat ekimen aurrera ateratzeko hark egin zuen lana, lan horren nolakotasuna. Beti ere euskalgintzan, euskaltegien sektorean, auzoko elkartean, Donostiako udal patronatuko ekimenetan, Bagera elkartean, Irutxuloko Hitza-n, irakaskuntzaren kooperatiban, hainbat ikastetxetan, enpresetan, elkartetan… oso luze joko luke den-denak aipatzeak”, adierazi du.
Dena den, zerrenda luze horretako bi egitasmo nabarmendu nahi izan dituzte. Batetik, euskaltegien sektorea duintzeko, horren lan baldintzak hobetzeko, eta horren prestigioa aldarrikatzeko urteetako “lan nekaezina”. Eta, bestetik, Amara Berri auzoarekiko erakutsitako konpromisoa: horren emaitza da Berritsu euskara batzordea.
Hasierako hitzaldiaren ostean, agurra dantzatu dute Yoldiren argazkiaren aurrean, eta, jarraian, Beñat Gaztelumendik Isidro Yoldiri idatzitako bertsoak abestu dituzte denen artean, albiste honetako bideoan ikus dezakezuenez. Horren ostean, Yoldiri gustatzen zitzaizkion Mendian gora eta Xalbadorren heriotzean abestiak kantatu dituzte.