28 urteko espetxe zigorra ezarri diote Kote Cabezudori
Kote Cabezudo argazkilari donostiarrari 28 urteko eta bi hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote, Efe albiste agentziak jakinarazi duenez. Bortxaketa delitu bat, sexu abusuen beste bat, haur pornografiako sei delitu eta iruzurreko bi delitu egiteagatik zigortu dute; ordea, hari leporatutako beste 217 deliturengatik absolbitu egin dute. Kote Cabezudoren Biktimentzat Justizia plataformak, argazkilariaren kontrako salatzaileen sostengurako mugimenduak, salatu du sententzia “broma txar” bat dela, zigorra txikiegia dela deritzotelako: “Hamazazpi emakumeren kasuetatik, bakarrik zazpirenak hartu ditu kontuan sententziak; eta besteak?”. Horrela, helegitea aurkeztuko dutela iragarri dute.
Epaiketa martxoaren 7tik apirilaren 13ra egin zuten Donostian, eta maiatzaren 2an, Cabezudoren behin-behineko espetxealdia amaitzear zela, auzitegiak aurreratu zuen zortzi urtetik gorako zigorra jarriko ziotela. Horrez gain, 116.000 euroko kalte ordaina ordaindu beharko die argazkilariak biktimei. Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak zehaztu duenez, Cabezudo ezingo da espetxean hogei urte baino gehiago egon, eta, gainera, behin-behineko espetxealdian egin dituen lau urteak betetzat jo ditu. Maria Jose Barbarin, Ana Isabel Moreno eta Augusto Maeso epaimahaikideek plazaratu dute sententzia, 340 orrialdetan.
Epaimahaiak Cabezudoren irudien izaera pornografikoa aztertu du, eta ondorioztatu du haur pornografiatzat jo daitezkeela biktimetako seiren kasuak; lau kasutan, haur pornografia hori zenbait webgunetan hedatu zuela ebatzi dute, eta, beste kasu batean, irudiak hedatzeko asmoz gordeta zituela. Bestalde, haur pornografiako materiala prestatzeko delituari buruz, epaimahaiak ondorioztatu du bost kasutan delitua preskribatuta dagoela. Seigarren bat, aldiz, ez dago preskribatuta, eta, beraz, horregatik zigortu dute.
Biktima helduei dagokienez, aldiz, ebatzi dute ez zitzaiela iruzurrik egin argazkiak eskuratzerakoan, baita intimitatearen aurkako deliturik ez dagoela ere. Argazkiak eskuratu ondoren, ordea, bi iruzur delitu egin zituen Cabezudok, epaimahaiaren arabera: bi emakumek euren irudi eskubideak erosi zizkioten argazkilariari, argazkiak bere webguneetatik ezabatu zitzan.
Bestalde, bi emakumeren aurka bortxaketa batengatik eta sexu abusu bat egiteagatik zigortu dute Cabezudo, eta epaimahaikideek zehaztu dute argazkilariak “nahieran” jokatzen zuela emakumeen gorputzarekin, argazki saioetan: “Bi modeloek aurkakotasuna agertu zuten praktika jakin batzuekiko, baina hark ez zuen errespetatu haien sexu askatasuna”.
Cabezudorentzat lan egindako hamazazpi emakumek jarritako salaketak aztertu dituzte epaiketan. Hasieran, fiskalak 121 urteko kartzela zigorra eskatu zuen eta 2.338 urtekoa akusazio partikularrak, Mario Diez abokatua buru –hamazazpi andreetako hamalau ordezkatu ditu–. Epaiketa aurrera joan ahala, aldiz, zigor eskaera 250 urteetara handitu zuen fiskalak, delitu gehiagoren berri izan zuelako. Akusazio partikularrak ere bere zigor eskaera handitu zuen, 2.627 urteetaraino. Defentsak une oro argudiatu du argazkilariak modeloen baimenarekin jardun zuela, eta Cabezudok akusazio guztiak ukatu zituen. Epaiketan, salatzaileetako batek deklaratu zuen Cabezudok “150 aldiz” bortxatu zuela.
Cabezudo kasua
1990eko hamarkadatik, argazkilari ezaguna zen Cabezudo Donostian. 2013ko urtarrilean jaso zuen haren aurkako lehenengo salaketa: argazkiak egin zizkion emakume batek salatu zuen orduan, iruzurra, sekretuak agerraraztea eta irain egitea leporatuta. Pixkanaka, halako salaketa gehiago jartzen eta biktima gehiago azaleratzen hasi ziren. 2018ko udaberrian oraindik kalean zegoen, nahiz eta ordurako dagoeneko bederatzi aldiz hartu zion deklarazioa epaileak. Soilik epailea aldatu zutenean sartu zuten espetxera, 2018ko maiatzean; ordutik, Martuteneko espetxean dago, behin-behineko espetxealdian. Urteotan, hainbat zigor txiki jaso ditu Cabezudok, besteak beste, salatzaileetako batzuen argazkiak Internetetik ez kentzeagatik, epaileak hala agindu ondoren.
Auzibidearen instrukzioan jaso zutenez, kasu gehienetan, Cabezudok kontratu bat sinatzen zuen modeloekin, eta argazki saioetan biluzteko esaten zien, hitzemanez argazkietan ez zirela euren sexu organoak ikusiko. Ordea, ordainpeko webgune pornografikoetan jartzen zituen irudi horiek, emakumeei baimena eskatu gabe. Gainera, argazki saio batzuk hainbat emakumeri sexu erasoak egiteko baliatu zituen.