Maddi Marquet eta Gonzalo Fuentes donostiarrek podiuma zapaldu dute
Hirugarren denborarik onena egin dute bakoitzak euren kategorian. Aldiz, Helene Alberdi bizkaitarra eta Kevin Viñuela espainiarra izan dira irabazleak.
Atzo jokatu zen 35. Donostiako Onditz Oroituz triatloia, eta guztira 349 gizonezkok eta 51 emakumezkok bukatu zuten proba. 1.500 metro igerian, 38,5 kilometro bizikletan eta 10 kilometro lasterka egin zituzten parte hartzaileek.
Helene Alberdi bizkaitarra izan zen onena emakumezkoetan (02:13:05), eta berak jantzi zuen Euskadiko txapela. Anna Noguera kataluniarra izan zen bigarren (02:15:08), eta Maddi Marquet hirugarren (02:15:54). Maddiren ahizpa den Olatzek, berriz, bosgarren denborarik onena egin zuen (02:26:48). Maila onean aritu ziren bi ahizpa donostiarrak.
Gizonezkoetan, berriz, Kevin Viñuelak ezarri zuen denborarik onena (01:55:39), Cesc Godoy izan zen bigarren (01:55:57) eta Gonzalo Fuentes donostiarrak osatu zuen podiuma (01:56:05), Euskadiko txapela janztearekin batera.
Emakumezkoen triatloia
Larunbatean jokatu zen 12. Emakumezkoen Triatloia, eta partaidetza polita izan zuen. 218 kirolarik eman zuten izena, eta horietatik 172 izan ziren proba bukatu zutenak. Naroa Garaialde izan zen onena (00:33:05), Irati Beorlegiren (00:34:18) eta Olatz Manuelen (00:35:01) aurretik. 300 metro igerian, 8 kilometro bizikletan eta 2 kilometro korrika egin zituzten parte hartzaileek.