Cabezudoren aurkako akusazio partikularrak helegitea jarriko dio epaiari Auzitegi Gorenean
Kote Cabezudo argazkilari donostiarraren aurkako auzi nagusiaren epaia atera zuten astelehenean, eta 28 urteko eta bi hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote, baita biktimei 116.000 euroko kalte ordainak ordaintzera zigortu ere. Epaiaren aurrean, akusazio partikularreko Mario Diez abokatuak Twitterren jakinarazi du epaiari helegitea jarriko diotela, Espainiako Auzitegi Gorenean. Diezek hamazazpi salatzaileetako hamalau ordezkatu ditu epaiketan. Hala ere, lortutakoa “asko” dela nabarmendu du Diezek.
Gogoratu behar da akusazio partikularrak 2.627 urteko espetxe zigorra eskatzen zuela Cabezudorentzat, eta fiskalak 250 urtekoa. Era berean, ezarri dioten zigorra 28 urtekoa bada ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak astelehenean azaldu zuenez, Cabezudo ezingo da espetxean hogei urte baino gehiago egon; gainera, behin-behineko espetxealdian egin dituen lau urteak betetzat jo ditu.