Donosti Cup, 30 urtez mundu zabaleko futbol jokalariei hiriko ateak irekitzen
1992an egin zen lehenengo Donosti Cup futbol txapelketa Donostian. Ordutik 32 urte igaro dira, eta, gaur egun, Europa Hegoaldeko txapelketarik handiena da, eta baita munduko handienetariko bat ere. 32 urte hauetan, 75 herrialdetako 130.000 futbol talde baino gehiago etorri dira Donostiara. Aurten, uztailaren 3tik 9ra egingo da txapelketa, eta 20 herrialdetako 12.000 jokalari etorriko dira. Baina, nola sortu zen txapelketa handi hau? Donosti Cup-eko zuzendaria den Iñigo Olaizolarekin aritu gara solasean, eta txapelketaren historiari buruzko xehetasun ugari eman dizkigu.
Olaizola bera izan zen sortzaileetako bat. Geografian eta Historian lizentziatua da bera, eta unibertsitateko hirugarren mailan irakasle gisa hasi zen lanean, ikastetxe batean. Bere futbol taldeko entrenatzaileak proposamen berezi bat egin zion garai hartan. “Kirol agentzia bat muntatuko zuela esan zidan, batez ere, Gipuzkoako futbol taldeak Frantzian edo Italian egiten ziren txapelketetara eramateko. Nik lehenago txapelketa txikiak antolatzen nituen, eta esan nion lagunduko niola. Urtebetez antolatzen aritu ostean, Donostiako lau edo bost talde eraman genituen Holandako eta Italiako txapelketa batzuetara, 1990 eta 1991 urteen artean”, azaldu du Olaizolak.
Baina bere nahia txapelketa horiek Euskal Herrira ekartzea zen. “Pentsatu nuen Donostiako taldeak atzerrira eramateaz gain, polita litzatekeela Donostian horrelako ezaugarriak zituen txapelketa bat egitea, hirian futbolarekiko zaletasun handia baitago”, adierazi du. Horrela sortu zen Donosti Cup, 1992an.
Gaur egun, 9 urtetik 25 urtera bitarteko gizonek eta emakumeek hartzen dute parte, eta aurtengo edizioan, adibidez, 40 futbol-zelai baino gehiagotan jokatuko dira partidak: “Iparraldean (Hendaian), Nafarroan (Beran eta Leitzan), eta Gipuzkoan (Donostialdean, Bidasoan, Urola Kostan eta barnealdeko herri askotan). Partidatan, orokorrean, “oso giro ona” egoten dela adierazi du. “Bitxia da, izan ere, herri txikietako futbol zelaiak bete egiten dira Donosti Cup-eko partidatan. Gogoratzen naiz behin Lesakara joan ginela partida bat ikustera, eta, nahiz eta kirol ikuspegitik oso partida esanguratsua ez izan, herri guztia zegoen bertan. Donosti Cup-eko partidak egun osoan zehar jokatzen dira, bai goizez eta baita arratsaldez ere, eta normalean jende asko joaten da horiek ikustera. Nik uste dut guraso batzuk lana uzten dutela euren seme-alabak futbolean jokatzen ikusteko eta gero itzultzeko, edo, bestela, oporrak ere hartzen dituztela Donosti Cup-era etortzeko”, azaldu du Olaizolak.
Iaztik, Donosti Authentics Cup txapelketa ere egiten dute, aniztasun funtzionala duten jokalariek ere parte hartzeko aukera izan dezaten. “Aurreko urteetan, txapelketaren barruan egin izan dugu jardueraren bat aniztasun funtzionala duten pertsonez osatutako taldeek jokatu zezaten, baina iaz aurrerapauso bat egitea erabaki genuen, eta kategoria berri bat sortu genuen. Realeko bi taldek, Eibarko batek eta Levanteko batek hartu zuten parte”, azpimarratu du. Aurten, hazten jarraitzen du kategoria horrek, eta zortzi taldek hartuko dute parte. Tartean, Frantziako bi talde, Ingalaterrako bat eta Leganeseko bat ere izango dira. “Pozik gaude jaso dugun erantzunarekin, eta etorkizunean ere jarraipena izango duela uste dugu”, nabarmendu du.
Aurtengo txapelketa
2020an antolatu gabe geratu ostean, eta 2021ean murrizketa ugarirekin egin ondoren, aurten normaltasunez jokatuko da Donosti Cup berriro ere. Parte-hartze errekorra hautsi dute, eta talde, jokalari, parte-hartzaile eta senitartekoen kopurua handituko da. 20 herrialdetako 12.000 jokalari etorriko dira, eta 1.900 entrenatzaile ere bai. Gainera, astelehenean, 21:30ean, Anoetan egingo den inaugurazioan 15.000 pertsona elkartzea aurreikusten dute. Horrez gain, finalak berriro ere Anoetan jokatuko dira, futbol zelaia berritu zutenetik lehenengoz. “Parte hartzaile guztiei domina bana emango diegu 30. urteurrena dela eta”, jakinarazi du Olaizolak.
Aurtengo berrikuntza gisa, partida bat jokatuko dute Martuteneko espetxean. Talde bat preso dauden pertsonez osatuta egongo da, eta, bestea, txapelketan parte hartuko duten talde desberdinetako jokalariz osatua. “Baztertuago dauden kolektiboengana iristea da partida honen helburua, eta oso pozik gaude hau antolatu dugulako. Gainera, polita izango dela uste dut, izan ere, espetxeko taldea Donosti Cup-eko partida bat ikustera ere joango da”, zehaztu du. Martuteneko espetxeko partida asteazkenean izango da, 10:00etan.
Dispertsio ordenatu eta antolatua, etorkizuneko helburu gisa
Etorkizunerako helburu nagusia urtez urteko hazkundea ongi kudeatzea dela azaldu du Olaizolak. Aurten, 2019an baino 100 talde gehiago etorriko dira, eta egoitza berriak jarri nahi dituzte Gipuzkoan sakabanatuta, guztiak Donostian ez pilatzeko. “Dagoeneko ari gara egoitza berriak jartzen, taldeek partidak jokatzeko leku batetik bestera egin beharreko bidaiak luzeegiak izan ez daitezen. Ez dugu Donostia bete nahi, eta dispertsio ordenatu eta antolatu bat egon behar dela uste dugu. Zentzu horretan, formatu tradizionala alde batera utzi, eta egoitza txikiak ardatz dituen formatura jo behar dugula uste dut, Donostia erdigunea izanda, baina dena bertan pilatu gabe”, esan du.