Ehunka lagun mobilizatu dira Donostian, LGTBI komunitatearen eskubideen alde
LGTBI komunitatea harrotasunez Donostiako kaleetara atera da gaur, ekainaren 28an, Sexu Askatasunaren Aldeko Nazioarteko Egunean, eta ehunka herritar mobilizatu dira hiriko asanblada transbollomarikak antolatutako manifestazioan, Eskaparate hiriari, intsumisio transmaribolloa lelopean. Bulebarretik abiatu da manifestazioa, eta Erdialdeko kaleetatik ibili ostean, Bulebarrean bertan amaitu dute, bidean askotariko aldarriak oihukatuz: Heteroaraua-kapitala, aliantza kriminala, Autodefentsa transfeminista, Gure koloreak udaletxean ez eta Bollera da bide bakarra, besteak beste. Manifestazioaren amaieran, osasun arrazoiengatik mobilizazioan parte hartu ezin izan duen Mikela Donostiako LGTBI komunitateko “militante historikoarentzako” keinu bat izan dute, haren omenezko pankarta batekin argazkia eginez.
Manifestazioaren amaierako irakurketan, erakundeek LGTBI kolektiboaren koloreak modu interesatuan erabiltzen dituela salatu dute: “Gaurko egunez, hiria ere ortzadarraren kolorez bete da. Baina, askorentzat sexu askapenaren bandera dena, besteentzat erakustoki koloretsua besterik ez da”. Ildo beretik, Donostiako hiri ereduan jarri dute fokua: “LGTBI komunitateaz ariko dira gaur udal korporazioak, politikariak eta komunikabideak, baina, ohartzen al dira komunitate hitzak komuna daramala barnean? Zer espazio komun geratzen zaizkio Donostiari? Hiri osoa pribatizatuta dago […]. Non elkartzen gara? Non batzen? Non pasa dezakegu arratsaldea dirurik gastatu gabe? Ez gaitzatela engainatu: ezinezkoa da ekainak 28an LGTBI komunitatea goraipatzea eta, aldi berean, hiria esku pribatuetan uztea”.
Gaineratu dute hiria ez dela beraientzat: “Ez guretzat, ez dirurik ez dutenentzat, eta ez paperik ez dutenentzat. Hirian eta auzoetan bizitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu. Gure komunitateak gure modura antolatzeko, elkar babeserako espazioak sortzeko, eraldaketa eta borrokarako guneak elikatzeko”. Izan ere, nabarmendu dute elkartzen direnean “den-dena zalantzan jartzeko gai” direla.
Era berean, azaldu dute LGTBI komunitateak bizi dituen egoerak ez direla “hitz hutsekin eta koloretako argiekin konpontzen”: “Trans* jendeak duen langabezia tasa eta enplegu prekarioen egoera nola demontre konpontzen du Donostiako Udalak? Non daude proposamenak? Hiriko hondartzak esparru pribatizatu eta turistifikatuak bilakatzen ari diren honetan, zein da plana bertan gertatzen diren eraso hetero-supremazisten aurrean?”. Ildo horretatik, babesik gabe daudela salatu dute: “Gure kontrako biolentzia gora doa. Zein da eskaintzen diguten konponbidea? Poliziarengana joatea? Badakigu erasotzen gaituztenean gu geu garela susmagarritzat hartzen gaituztenak”. Horregatik, hain zuzen ere, bortizkeriari aurre egiteko beharrezko tresnak “komunitatetik” etorriko direla nabarmendu dute.
“Denontzako gizarte aske bat nahi dugu, ez soilik kapital zuriaren interesekin bat egiten duten gutxi batzuentzako eredua. Horregatik diogu ez dagoela askatasunik denontzat ez bada”, aldarrikatu dute.
Jarraian, manifestazioko irudiekin osatutako argazki bilduma eta amaierako irakurketaren bideoa, osorik: