"Espero dugu Cabezudoren aurkako epaiak, neurri batean, biktimen mina arintzen laguntzea"
Kote Cabezudo argazkilari donostiarraren aurkako auzi nagusiaren epaia atera zuten astelehenean, eta 28 urteko eta bi hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote, baita biktimei 116.000 euroko kalte ordainak ordaintzera zigortu ere. Epaiaren inguruan galdetuta, Nekane Arzallus Donostiako jarduneko alkateak “positibotzat” jo du, eta biktimei “elkartasuna” adierazi die.
“Errespetua adierazi nahi dugu auzitegiak hartutako erabakiarekin; justiziak hitz egin du, eta orain aldeek erabaki beharko dute helegitea jartzeko eskubidea erabiliko duten ala ez. Hau zen Cabezudo jaunak zuen auzi nagusia; horregatik, lehen balorazio gisa, positibotzat jotzen dugu salaketa nagusia frogatu eta argitu izana”, nabarmendu du Arzallusek.
Era berean, gogorarazi du pasa den legealdian erakunde adierazpen bat onartu zuela udalak, non “udal talde guztiek elkartasuna adierazi zieten Cabezudo jaunaren biktimei”. Horrez gain, zera gaineratu du: “Lehen, errugabetasun presuntzioa zegoen, baina orain esan dezakegu pertsona hau erruduna dela. Onartezinak diren sexu eraso hauen biktima izan diren emakumeei gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi diegu; emakume bakar batek ere ez luke horrelako edo bestelako erasorik jasan beharko. Ozen esan nahi dugu Donostia osoa euren ondoan dagoela. Espero dugu epaiak, neurri batean, euren mina arintzen laguntzea”.