Hiriko ondareari buruzko aholku batzordea sortzeko arautegia onartu du udalak
Donostiako Udalak iazko ekainean, duela urtebete, eman zuen hiriko ondareari buruzko aholku batzordea sortzeko lehenengo pausoa, eta batzorde horren arautegia onartu du orain. Nekane Arzallus jarduneko alkateak azaldu du alegazioak aurkezteko epea irekiko dutela orain, eta aurreikusten dutela iraileko udalbatzarrean “behin betiko onartzea”.
Batzordeak bi funtzio nagusi izango ditu: Donostian eraikitako hiri ondarearei buruzko txostenak egitea eta udalari aholkuak ematea, bai EHOBPB-a (Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezia) berrikusteko edo aldatzeko espedienteetan, eta bai katalogoan elementuak edo multzoak sartzeko edo kentzeko. Hiri ondareari lotutako beste espediente garrantzitsu batzuetan ere parte hartu beharko du batzordeak. Bi hilabetean behin bilduko da, baldin eta gai zerrendan aztertu beharreko gaiak badaude; ezohiko bilkurak ere egin ahalko ditu.
Aholku batzordeak bederatzi kide izango ditu: batzordeburua (Hirigintzako zinegotzia edo ordezko zinegotzia), Hirigintza Sostengarriko zuzendaria edo saileko zerbitzu teknikoen burutzako funtzionario bat, Hirigintza Sostengarriko EHOBPB-ren arkitekto arduraduna, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondarearen saileko teknikari bat, ondarea defendatzeko elkarteek izendatutako ondare aditu bat eta ondarearen arloan adituak diren beste lau profesional, batzordeburuak izendatuak. Horietako bi Donostiako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoak eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Gipuzkoako Ordezkaritzako Ondare Batzordeak proposatuko dituzte.
“Udalak konpromisoa bete du”
Arzallusek adierazi duenez, “batzorde honen sorrerarekin, udalak ondareari buruzuko aholkularitza organo bat gaitzeko konpromisoa bete du”. Ildo horretatik, batzordea sortzeko beharra nabarmendu du: “Hiriko ondarea axola zaigu, gure aberastasuna eta bereizgarri egiten gaituena delako, eta, horregatik, 2.000 elementu ditugu babestuta; beti seriotasunez heldu nahi izan diogulako gai horri. Horregatik, askotan sortu diren ika-mikak eta polemikak eremu profesionalera eta teknikora eraman nahi izan dugu”.
Era berean, ondarearen babesari buruzko eztabaida ordenatu baten garrantzia nabarmendu du: “Ondarearen babesak, askotan, ondorioak ditu jabetzaren eremuan, eta ondorio ekonomikoak izaten dira batzuetan. Horregatik, iritzi eta gustu partikularretatik harago, uste dugu beharrezkoa dela eztabaida ordenatzea eta beharrezko prestakuntza duten pertsonek osatutako foro baten bidez kanalizatzea”.