Aitor Ikastolako horma irudiaren zati bat kendu dute, horma kaltetuta zegoelako
Aitor Ikastolak Egiako Tejeria kaleko fondoko eskaileran horma irudi bat egin zuen duela urte batzuk, baina langile batzuk han lanak egiten aritu dira asteazken goizean, eta horma irudiaren zati bat kendu dute. Udaleko Hiri Mantentze Lanetako saileko iturriek hedabide honi azaldu diotenez, horma ez zegoen egoera onean, eta horregatik egin dute esku hartzea: “Udaltzaingoaren txosten bat ere bazegoen, hormaren egoeraren inguruan ohartarazten zuena. Horregatik, horma pikatu eta berriz zarpiatu dute“. Hala ere, azaldu dutenez, Aitor Ikastolarekin harremanetan jarriko dira, horma irudia berriz margotzeko.