Donostia Kirolak 880.000 euroko diru laguntza emango du hiriko ikastetxe eta kluben kirol-jarduerarako
Donostia Kirolak 880.000 euroko diru laguntza deialdia onartu du aurten (2021ean baino %5 gehiago), hirian kirola sustatzearen alde lan egiten duten erakundeentzat. Donostia Kirolaren plangintza estrategikoan ezarritako ildoen arabera, onartutako oinarriek lehentasuna emango diete eskola-kirolari eta oinarrizko kirolari, emakumeen kirolari, bertako kirolei eta kirol egokituari. Berrikuntza gisa, 2021ean egindako diagnostikoaren ondoren, kirol-kluben digitalizazioari laguntzeko lerro berri bat sortu da.
Kluben funtzionamendu arrunterako laguntza (495.000 euro): Bertan, federatutako lizentzien kopurua (emakumeen lizentzietarako puntuazio handiagoa dutenak, oinarrizko kirola, kirol autoktonoa eta kirol egokitua), taldeen lehiaketa-eremua, sekzio-kopurua eta UDA kanpainaren barruko jardueren antolaketa baloratzen dira. Partida hori 10.000 euro handitu da aurreko urtearekin alderatuta.
Eskola-kiroleko diru laguntzak (255.000 euro): (2021ean baino 10.000 euro gehiago) bideratzen dira ikastetxeen egiturak garatzera, 15.000 haurrek baino gehiagok parte hartzen duten eskola-kiroleko jarduerak antolatu eta garatzeko. Lehiaketa-jardueretan parte hartzea, begiraleen kualifikazioa eta prestakuntza-ikastaroak, sustapen-jardueretan parte hartzea eta hiriko eskola-kiroleko jardueretarako instalazio propioak lagatzea baloratzen dira.
Aparteko kirol-jarduerak antolatzea (110.000 euro): Kopuru berari eutsiko zaio aparteko kirol-jardueretarako (jolas- edo herri-jarduerak, kirol-ekitaldiak…) eta kirol autoktonoetarako diru laguntzetarako, batez ere pilota-eskolen sustapenean. Kopuru horren %37 bertako kiroletarako da.
Kirol-kluben eraldaketa digitalerako laguntzak (20.000 euro): Donostia Kirolak 2021ean egindako ikerketa aitzindariak egiaztatu zuen hiriko kirol-kluben digitalizazio-maila oso txikia zela, sektore gehienen azpitik. Horregatik, Donostia Kirolak, egoera hori ikusarazteaz gain, klubei beharrezko eraldaketa digitalean laguntzeko hainbat ekintza diseinatu zituen.
Ekintza horien artean, diru laguntzen lerro berri hau sartzea dago, hainbat proiektu lagunduko dituena, hala nola bazkide eta kirolarientzako atariak ezartzea, online izapideak kudeatzea, web-orriak egokitzea, bazkideekiko komunikazio-tresnak ezartzea edo beste zerbitzu digital aurreratuago batzuk diseinatzea.
Diru laguntza lerro desberdinetarako eskabideak abuztuaren 1etik aurrera aurkeztu ahal izango dira, Donostia Kirolaren web orriaren bidez.