Elizbarrutiaren museoko Oteizaren lanak faltsuak direla salatu dute
Donostiako Elizbarrutiaren D’museoak duela bi aste aurkeztu zuen Oteiza Argentinan erakusketa, Jorge Oteiza eskultoreak (Orio, 1908-Donostia, 2003) erbestean zegoenean, 1935etik 1948ra, egindako hamasei obraz osatutakoa. Ordea, Oteiza Fundazio Museoak ohar bidez salatu duenez, “aurkeztutako piezak ez dira Jorge Oteizarenak”. Edorta Kortadi arte aditua da erakusketaren komisarioa, eta aurkezpenean nabarmendu zuenez, hamasei eskulturetako hamalau abstrakzio geometrikoaren estiloan egindakoak dira, eta beste biak, aldiz, figuratiboak dira; horietako bat, gainera, Oteizaren emazte Itziar Carreñoren (1904-1991) buruaren eskultura da, 1947koa. Era berean, esan zuen obrak Oteizaren “fase primitiboenekoak” direla eta sinatuta daudela.
Oteiza Fundazio Museoaren arabera, ez zuten erakusketa proiektuari buruzko “informazio xeherik” jaso, D’museoak erakusketa aurkeztu aurretik; diotenez, “hedabideei esker” izan zuen proiektuaren berri. “Ikusgai jarri diren obrak ez daude Jorge Oteizaren eskultura lanen Katalogo Arrazoituan (Oteiza Fundazioak argitaratua eta Txomin Badiolak egina)”, gaineratu dute. Era berean, nabarmendu dute “ez dagoela obra horiei buruzko aipamen dokumentalik (irudiak edo testuak) Oteiza Museoaren artxiboan”.
“Azken batean, aipatutako piezak sakon aztertu ondoren eta bere jakintza eta adimen zintzoaren arabera, Museoaren ustez, behar adina datu daude esateko D’ museoaren erakusketan aurkeztutako piezak ez direla Jorge Oteizarenak”, ondorioztatu dute.
Hedabide hau harremanetan jarri da D’museoarekin, eta oraindik oharraren aurrean adierazpen irmorik egin ez badute ere, azaldu dute Oteiza Fundazio Museoarekin harremana izan zutela erakusketaren aurretik, Fundazio Museoak helarazi baitzien dokumentazioa. Era berean, El Pais egunkariak 1994an argitaratutako albiste bat aipatu dute, Oteiza Argentinara eta Txilera zihoala iragartzen zuena, han zituen eskultura batzuk katalogatzera.