Etxebizitzaren arazoari buruz eztabaidatzeko osoko bilkura berezi bat eskatu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak
Donostiako Udalbatzaren araudiaren 52. artikuluan oinarrituta, EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak ezohiko osoko bilkura bat eskatu dute hiriko etxebizitzaren arazoaren inguruan eztabaidatzeko. Eneko Goiak alkateak hamabost egun balioduneko epea du deialdia egiteko.
Bi udal taldeek nabarmendu dute Donostiako etxebizitzaren arazoa egunetik egunera okerrera doala. “Donostiarron arazorik larriena da, eta ezinbesteko bihurtu da epe labur, ertain eta luzerako egiturazko neurriak hartzea. Izan ere, gure arkitektura juridikoan ere horrela jasota dagoen arren, oraindik ere gogorarazi behar da etxebizitza, ororen gainetik, herritarren eskubidea dela”, gaineratu dute.
Etxebizitzaren arazoa ez da berria, bi udal taldeek aitortu dutenez, baina alokairuaren prezioa inoizko altuena dela ohartarazi dute: “Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak argitaratu berri duen 2020rako alokairuaren merkatuari buruzko txosten estatistikoaren arabera, Donostian batez besteko errenta, urte horretan, 892 eurokoa zen, eta auzo batzuetan (Antiguan, Erdialdean eta Ibaetan, esaterako) mila euro ingurukoa; El Idealista atariaren arabera, bestalde, alokairuaren batez besteko prezioa 14,9 eurokoa zen 2022ko apirilean, Donostian (horrek ematen du 1.200 euro inguruko errenta, 80 metro karratuko etxebizitza batentzat)”.
Azken urteotan, salerosketa prezioek ere gora egin dutela adierazi dute: “Higiezinen Merkatua Aztertzeko Taldeak Euskal Autonomia Erkidegoko higiezinen merkatuaz egindako urte arteko txostenaren arabera (aurtengo martxoan Gipuzkoako Higiezinen Jabetza-Agenteen Elkargoaren egoitzan aurkeztutakoa), Donostiako batez besteko prezioa 417.960 eurokoa da gaur egun: EAEkoa halako bi”.
“Ondorio dramatikoak”
Datuez harago, Donostiako etxebizitzaren arazoa “erreala” dela diote EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak, eta “ondorio dramatikoak” dituela pertsonentzat. “Adibide asko daude, baina hedabideetan eragin handia izan duen kasu berri bat ekarri nahi dugu gogora: Azora putre funtsak duela aste batzuk bikote bat etxetik kaleratu zuen Groseko Ategorrieta etorbidean. Handik metro gutxira hotel berri bat eraikitzen ari dira, eta Grosen ehunka etxebizitza turistiko daude. Aldiz, babes ofizialeko etxebizitza bakar bat ere ez dago”, azaldu dute.
Horiek horrela, bi udal taldeei “funtsezkoa” iruditzen zaie etxebizitzaren arazoari buruzko eztabaida publiko “sakon bat” egitea. Era berean, udalak konpromiso zehatzak hartu behar dituela uste dute. “Udalbatzak gaia hainbatetan aztertu du, ikuspuntu desberdinetatik, baina ezinbestekotzat jotzen dugu, hiriaren arazo nagusia izanik eta larriagotzen ari dela ikusita, osoko ikuspuntutik aztertzeko aukera emango digun saio monografikoa egitea”.