Hamaiketakoa, Ttonttorroren igoera eta herri kirolak izan dira nagusi Igeldon, San Pedro egunean
Gogotsu eta festa giroan ari dira ospatzen San Pedro eguna Igeldon. Eguraldi ederra lagun, igeldotarrak goizetik hasi dira plazan elkartzen, jaiak direla eta, gaur egun osoko egitaraua dutelako bertan.
Eguna hasteko, hamaiketakoa egin dute, Igeldoko Dindin elkarteak antolatuta. Besteak beste, pandemia baino lehen sortu zuten jubilatuen elkarteak hartu du parte hamaiketakoan. Igeldoko jubilatuen elkartean 100 lagun inguru daude gaur egun. “Jubilatuen elkartean mugimendu polita dugu. Pilates egiten dugu astean bi egunetan, memoria lantzeko ikastaroak ere baditugu, eta ibilaldiak antolatzen dituen talde bat ere bai. Horrez gain, kantujira egiteko taldea ere sortu genuen”, azaldu du Antton Dorrronsorok, jubilatuen elkarteko kideak. Antolakuntza ona dute, baina gauzak behar bezala egiteko leku bat falta zaiela nabarmendu dute: lokal propio bat izatea gustatuko litzaieke. Gaur egun, Igeldoko kultur etxean elkartzen dira, baina libre dagoenean soilik erabil dezakete. “Askotan, ezin izaten ditugu gauza gehiago antolatu tokirik ez dagoelako. “Guk Igeldon dagoen gure txikitako eskola erabili nahiko genuke elkartearen lokal gisa. Donostiako Udala noizbait ausartuko balitz hori konpontzera, oso pozik egongo ginateke”, azpimarratu du Dorronsorok.
Hamaiketakoan haragia, txorizoa eta odolkia jan ostean, indarrak batu, eta oholtzara igo dira jubilatuak, Tttonttorro astoaren igoeran abesti zahar batzuk abesteko (Besteak beste, Igeldoko garai bateko ereserkia, eta Benito Lertxundiren Itsasoari begira, letra aldatuta). Abesten zuten bitartean, plazako zuhaitz batetik eskola zaharraren pareraino igo dute Ttonttorro. “Garai batean, igeldotarrak astoz jaisten ziren San Martingo eta Bretxako azoketara, eta astoak lotuta izaten zituzten gauzak saldu bitartean. Eta Igeldori asto herria ere deitu izan zaio. Badira teoria batzuk, batere oinarri zientifikorik ez dutenak, baina esaten dute Igeldo izenak zerikusia duela honekin: astoa susa dagoenean iel ere esaten da, eta astoa iel dao esaten zutenez, agian hortik dator Igeldo izena”, adierazi du Dorronsorok.
Ttontorroren igoera ikusi ostean, herri kiroletarako prestatu dira auzoko gazte eta haurrak. Aizkolarien saioa, lokotx bilketa eta orga lasterketa egin dituzte.
Arratsaldean, lehenengo aldiz, emakumeen esku pilota txapelketa egin dute frontoian. Miriam Arrillaga eta Miren Larrarte (urdinez), Itxaso Erasunen eta Miriam Arraizaren (gorriz) aurka aritu ziren. Urdinek erdietsi zuten garaipena, gorriei 25-20 irabazi ostean.
Hemen ikus dezakezue Igeldoko San Pedro jaietako egitarau osoa.