Ancorak dio udalak ondarearen inguruko eztabaida publikoa mugatu nahi duela
Donostiako Udal Gobernuak hiriko ondareari buruzko aholku batzordea sortzeko araudia onartu zuen asteartean. Ancora elkartea kritiko agertu da batzorde honekin eta zehazturiko araudiarekin. “Aholku batzorde hau eztabaida publikoa mugatzeko asmoarekin sortu dute. Izan ere, hiritarren iritzia kalifikazio txikikoa dela dio Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak”, salatu dute.
Eraitsitako ondarearengatik egindako protestak “isilarazteko” sortu den batzordea dela gaineratu du Ancorak: “Erabakiak herritarri bizkarra emanez hartu nahi dituzte. Hiriko ondarea donostiar guztiena da, eta horren kudeaketa interes publikokoa da”. Horrez gain, aholku batzordeak herritarren partaidetza bermatzeko sortzen direla dio elkarteak. “Udalak, ordea, helburu hori mugatu du aditu batzuetara. Ordezkaritza zabalagoa eta anitzagoa eskatzen dugu. Kultur eragileek, auzo elkarteek eta interesa duten norbanakoek lekua izan beharko lukete batzorde horretan. Kontseilu Sektorialen antzera”.
“Udal gobernuaren ildokoa”
Ancoraren ustez, ondareari buruzko aholku batzordea udal gobernuak “bere neurrira” egindakoa da. Nekane Arzallus Hirigintza zinegotzia bera izango da presidentea eta bederatzi kide izango ditu. “Zazpi udal gobernuaren ildokoak izango dira: udaletxeko hiru teknikari eta Hirigintza zinegotziak hautaturiko lau aditu. Aldiz, ondarearen defentsan lanean dihardugunok ordezkaritza bakarra izango dugu. Gure ustez, udal gobernuaren erabakiak zuritzeko tresna izango da”, esan dute.
Bestalde, aholku batzorde honek hiriko eraikinak “babesik gabe” utz ditzakeela ohartarazi dute. “Baliteke babesik gabe uztea Villa Urdintxo, Villa Alorenea eta Villa Gure Baitha gisako eraikinak”. Horiek horrela, Ancorak aholku batzordearen araudiari alegazioak aurkeztuko dizkio.