Txantxarreka gaztetxeak udalari exijitu dio "debekuak bertan behera uzteko"
Antiguako Txantxarreka gaztetxea maiatzean hasi zen salatzen udala debekuak jartzen ari zela gunearen aurka; zehazki, ekitaldiak antolatzea debekatu ziola salatu zuen gaztetxeak, eta Eneko Goia alkateak adierazi zuen bizilagunen “kexa asko” jaso dituztela bertako kontzertuengatik. Orain, Txantxarrekako kideek prentsaurrekoa eskaini dute, bizi duten egoeraren berri emateko, eta udalari exijitzeko “debekuak bertan behera uzteko”.
Azaldu dutenez, urteroko legez, Antiguako sanjoanetan Gazte Eguna antolatzeko asmoa izan dute aurten ere, baina “etengabeko oztopoak” jarri dizkie udalak: “Gaztetxean bertan kontzertuak egiteko debekua ezarri ondoren, frontoian egiteko oztopoak ere izan ditugu azken momentuan. Gainera, poliziaren presentzia handitu dute, eta gaztetxera etorri dira, bazkaria debekatu nahian”. Kontzertuak antolatzeko debekuak gaztetxea gogor jotzen ari dela salatu dute: “Kontzertuak dira gure finantziazio iturri bakarra”.
Horrez gain, udalak “langa bikoitzarekin” jokatzen duela salatu dute, ez dizkietelako oztoporik jartzen auzoan eta gaztetxearen kale berean, Heriz pasealekuan, irekitzen ari diren hotelei, nahiz eta “bizilagunen plataformekin etengabeko arazoak izaten ari diren”. Hain zuzen ere, Koisi ostatua dago Heriz pasealekuan, eta hainbatetan kexatu izan dira inguruko bizilagunak, bertan ostatu hartzen dutenek gauetan egiten duten zaratarengatik; azkenekoz, duela bi aste egin zuten salaketa publikoa, bideo eta guzti.
“Gogor” salatu dute udalaren partetik “jasaten” ari diren “ofentsiba politikoa”: “Ekonomikoki ito nahi gaituzte, gaztetxearen funtzionamendua ahalik eta gehien oztopatzen. Gainera, antolatzen ditugun ekintza guztietan poliziaren presentzia areagotzen joan da, baimenik gabe sartzera iristeraino”. Horregatik, beharrezkotzat jo dute gaztetxearen “jardunaren defentsa egitea eta kolektiboen alde borrokatzea”, eta udalari “exijitu” diote “debekuak bertan behera uzteko” eta “jardun instituzionaletik kanpo dauden egitasmoei ez diezaiela oztoporik jarri”. Era berean, Antiguako gazteak “gaztetxearen aurkako erasoak salatzera eta gaztetxearen aldeko borrokan parte hartzera” deitu dituzte.