28 urteko espetxe zigorra Cabezudorentzat
Bortxaketa delitu bat, sexu abusuen beste bat, haur pornografiako sei delitu eta iruzurreko bi delitu egiteagatik zigortu dute Kote Cabezudo argazkilari donostiarra. Akusazio partikularreko abokatu Mario Diezek iragarri du helegitea jarriko diotela epaiari.
Kote Cabezudo argazkilari donostiarraren aurkako lehenengo salaketa jarri eta ia hamar urtera, iritsi da haren aurkako epaia: 28 urteko eta bi hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote, eta 116.000 euroko kalte ordaina ordaindu beharko die biktimei, Maria Jose Barbarinek, Ana Isabel Morenok eta Augusto Maesok osatutako epaimahaiak ebatzi duenez.
Bortxaketa delitu bat, sexu abusuen beste bat, haur pornografiako sei delitu eta iruzurreko bi delitu egiteagatik zigortu dute Cabezudo; ordea, hari leporatutako beste 217 deliturengatik absolbitu egin dute. Kote Cabezudoren Biktimentzat Justizia plataformak, argazkilariaren kontrako salatzaileen sostengurako mugimenduak, salatu du sententzia «broma txar» bat dela, zigorra txikiegia dela deritzotelako: «Hamazazpi emakumeren kasuetatik, soilik zazpirenak hartu ditu kontuan sententziak; eta besteak?». Akusazio partikularreko abokatu Mario Diezek, hamazazpi emakumeetako hamalau ordezkatzen dituenak, bestalde, nabarmendu du lortutakoa «asko» dela, baina iragarri du epaiari helegitea jarriko diotela, Espainiako Auzitegi Gorenean.
Bestalde, epaiaren inguruan galdetuta, Nekane Arzallus Donostiako jarduneko alkateak «positibotzat» jo du, eta biktimei «elkartasuna» adierazi die. Era berean, gogorarazi du pasa den legealdian erakunde adierazpen bat onartu zuela udalak, non «udal talde guztiek elkartasuna adierazi zieten Cabezudo jaunaren biktimei». Horrez gain, zera gaineratu du: «Lehen, errugabetasun presuntzioa zegoen, baina orain esan dezakegu pertsona hau erruduna dela. Onartezinak diren sexu eraso hauen biktima izan diren emakumeei gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi diegu; emakume bakar batek ere ez luke horrelako edo bestelako erasorik jasan beharko. Ozen esan nahi dugu Donostia osoa euren ondoan dagoela. Espero dugu epaiak, neurri batean, euren mina arintzen laguntzea».
Epaiketa martxoaren 7tik apirilaren 13ra egin zuten Donostian, eta, maiatzaren 2an, Cabezudoren behin-behineko espetxealdia amaitzear zela (2018ko maiatzetik dago Martuteneko kartzelan), auzitegiak aurreratu zuen zortzi urtetik gorako zigorra jarriko ziola. Hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak zehaztu duenez, Cabezudo ezingo da espetxean hogei urte baino gehiago egon, eta, gainera, behin-behineko espetxealdian egin dituen lau urteak betetzat jo ditu.
Epaiketaren hasieran, fiskalak 121 urteko kartzela zigorra eskatu zuen argazkilariarentzat, eta 2.338 urtekoa akusazio partikularrak. Epaiketa aurrera joan ahala, aldiz, zigor eskaera 250 urteetara handitu zuen fiskalak, delitu gehiagoren berri izan zuelako. Akusazio partikularrak ere bere zigor eskaera handitu zuen, 2.627 urteetaraino.
Cabezudo kasua
1990eko hamarkadatik, argazkilari ezaguna zen Cabezudo Donostian. 2013ko urtarrilean jarri zuten haren aurkako lehenengo salaketa: argazkiak egin zizkion emakume batek salatu zuen orduan, iruzurra, sekretuak agerraraztea eta irain egitea leporatuta. Pixkanaka, halako salaketa gehiago jartzen eta biktima gehiago azaleratzen hasi ziren. 2018ko udaberrian oraindik kalean zegoen, nahiz eta ordurako dagoeneko bederatzi aldiz hartu zion deklarazioa epaileak. Epailea aldatu zutenean sartu zuten espetxera, 2018ko maiatzean. Urteotan, hainbat zigor txiki jaso ditu Cabezudok, besteak beste, salatzaileetako batzuen argazkiak Internetetik ez kentzeagatik, epaileak hala agindu ondoren. Orain, haren aurkako auzibide nagusiarengatik zigortu dute.