Altzakoa, hilerririk zaharrena
Polloekoa da Donostiako hilerririk handiena eta ezagunena, baina ez bakarra. Igeldok eta Altzak ere badute hilerri bana, eta, hain zuzen ere, Altzakoa da hiriko zaharrena, Urgulleko Ingelesen hilerria kontuan izan gabe.

Altzak beti izan du herri izaera propioa, batik bat, independentea izan zelako urte luzez; 1940an gelditu zen Donostiaren mende, erregimen frankistaren babesarekin. Ia edozein herrik dituen ezaugarriak ditu Altzak; besteak beste, hilerria du.
Garai batean, herri gehienetan gertatzen zen moduan, Altzako hildakoak San Martzial parrokian lurperatzen zituzten. Ordea, XIX. mendearen erdialdean, joera aldatu zen, eta kanposantuak herrietako erdiguneetatik kanpo eraikitzen hasi ziren, higiene kontuengatik.
Horrela, Altzan, 1855. urtearen inguruan eraiki zuten hilerria, gaur egun dagoen tokian, Larraundi kalean. Hilerri hori, aldiz, ez zen oraingoa bezain handia; gaur egungoaren ipar-mendebaldeko izkina hartzen zuen soilik.
Altzako Historia Mintegiak (AHM) hainbat argitalpenetan jaso ditu hilerriaren historia eta zenbait pasarte, eta hortik atera du informazioa hedabide honek. Aipagarria da AHM-k 2017ko Altzako hilerri zibila artikuluan berreskuratutako kronika, Diario de San Sebastián egunkariak 1882ko ekainaren 20an argitaratutakoa. Horren arabera, Altzako Udalak garaiko gobernadoreari eskatu zion hilerritik kanpo «erlijio katolikoaren disidenteak lurperatzeko» hilerri bat eraikitzeko.
Handitzen joan dira
Altzako kanposantua zenbait aldiz handitu dute, gaur egungo tamaina izatera heldu arte (ia 11.000 metro koadro). Hain zuzen ere, XX. mendearen hasieran populazioa gero eta handiagoa zen, eta 1909an hilerria handitzeko lehenengo proposamena egin zuten. Proiektuaren planoan ikus daitekeenez, hilerriaren kanpoaldean «hilerri ez-katolikoa» deituriko gune txiki bat zegoen.

Altzako hilerria handitzeko planoa, 1909an. Beheko aldean, karratu txiki batean, ez-katolikoentzako hilerria ikus daiteke. (Argazkia: Altzako Historia Mintegia)
1926an gauzatu zuten hilerria handitzeko proiektua: ordura arte 2.000 metro koadro inguru zituen, eta 4.200 inguru izatera pasatu zen; 1.100 bat metro koadro Estibaus baserriari erosi zizkioten. Azkenekoz, 1960ko hamarkadan handitu zuten.
Bitxikeria gisa, Altzako herritar ugariz gain, Joxe Artetxe idazlea eta Iñaki Aginaga politikaria daude han lurperatuta.
Sorreratik, erlijioarekin harreman estua izan du Altzako hilerriak, nahiz eta Espainiako II. Errepublikan sekularizatu egin zuten. Gaur egun, hilerriko kaleen izen eta sinbolo gehienak erlijioarekin lotuta badaude ere, udalak kudeatzen du.