Hondartzan botatzen diren zigarro muturrak murrizteko kanpaina abiatu du udalak
Hondartzan ez erretzeko gomendioa egin du Donostiako Udalak. Kontxa eta Ondarreta hondartzetako hondakin ugarienak dira zigarro puntak.
Itsasos kanpaina abiada hartzen ari da. Hondartzan botatzen diren hondakinek sortzen dituzten kalteen inguruan kontzientziatu nahi ditu herritarrak. Marisol Garmendia zinegotziak adierazi du arazo nagusia plastikoak direla, itsasoan dagoen zaborraren % 80 baitira dagoeneko.
Beste arazo bat zigarro-muturrak direla azaldu du, eta, horregatik, Itsasos kanpainaren bidez, hondartzetan ez erretzea gomendatzen ari dira: “Gomendio horrek, batez ere, osasunarekin du zerikusia, baina baita hondakinak sortzearekin ere, zoritxarrez hondarretan lurperatzen ditugu-eta gero hondakin horiek. Gure hondartzetako hondakinik ugariena dira: Kontxan biltzen den zaborraren % 38 eta Ondarretako zaborraren % 50″.
Hondartzetako sarrera guztietan ez erretzea gomendatzen du Donostiako Udalak kartelen bidez, eta gaurtik aurrera hautsontziak banatuko dira hiriko hondartzetan. Banaketa uztailean eta abuztuan egingo da, egun bakoitzean Donostiako hiru hondartzetako batean. Zehazki, ItsaSOS kanpainari buruzko
informazio-postu bat jarriko da, eta informazioa eta kono-hautsontziak eskuragarri egongo dira han, eskatzen dituenarentzat.
Gainera, 150 plaka jarri dira zoladuran, estolden eta ur-hustubideen ondoan. “Itsasoa hemen hasten da” mezuaren bidez, herritarrei ohartarazi nahi zaie paperontzietan edo edukiontzietan uzten ez diren hondakinek itsasoan amaitzen dutela. Plaka gehienak euskaraz eta gaztelaniaz daude, baina hondartzetatik gertuen dauden eremuetan ingelesez eta frantsesez ere badaude.