Melillako sarraskia salatu dute Donostian
Pasa den ostiralean, Espainiako Estatuaren eta Marokokoaren arteko Melillako mugan, 37 migratzaile hil zituen Marokoko Poliziak, Espainiakoarekin elkarlanean egindako operazio batean. Sarraski hori salatzeko, elkarretaratzea egin dute ostiral arratsaldean Donostian, estatuko beste hainbat hiritan aldi berean egin duten moduan. Gertatutakoari buruzko “ikerketa independente bat” eskatu dute, baita “erantzukizunak argitzeko” ere. Jende andana bildu da elkarretaratzean, eta hildakoen omeneko minutu bateko isilunea egin dute hitza hartu aurretik.
SOS Arrazakeriako kideek salatu dutenez, “Europako Batasuneko gobernuek mugak ixteko erabiltzen duten politikaren ondorio” izan dira heriotzak: “Ez da sarbide segururik ematen nazioarteko babesa edo bizi baldintzak hobetu nahi dituzten pertsonentzat; hala ere, mugak ixteak ez du eragozten pertsonak horiek gurutzatzen saiatzea. Aitzitik, mugak ixteak milaka heriotza eragiten ditu. Horregatik, Melillan gertatutakoa eta hegoaldeko mugan izandako milaka heriotzak mugak ixteko politikak bilatutakoak izan dira”.
Bestalde, salatu dute Melillan gertatutakoa Espainiako Gobernuak Marokokoarekin egindako akordioen “ondorio zuzena” ere badela. Era berean, gaineratu dute Poliziaren esku hartzea mafien aurkako borrokan kokatzea “erantzukizuna ukatzea” dela, baita gobernuek Afrikatik datozenei “gizatasuna kendu” dietela ere.
Jende andana elkarretaratu da Donostiako Bulebarrean, Melillako sarraskia salatzeko eta erantzukizunak argitu ditzatela eskatzeko.@irutxulo @Sos_Arrazakeria pic.twitter.com/ppiDMgEZ4B
— Beñat Parra Rguez. (@ParraBenat) July 1, 2022
Europako gobernuen politikak “arrazistak” direla gehitu dute: “Afrikatik datozen pertsonak arbuiatzea ez dator bat Ukrainako errefuxiatuei egiten zaien harrerarekin; horregatik, ezinezkoa da hori politika arrazista batzuekin ez lotzea”.
Eragile ugarik egin dute bat mobilizazioarekin: SOS Arrazakeria, Zehar Errefuxiatuekin, Hiritarron Harrera Sarea, Amnistia Internacional, Ongi Etorri Errefuxiatuak, EIPE-ZAIE Elkartea, Bake Ekintza Antimilitarista, Zaporeak, Saharako Lagunen Elkartea, GOT, Salvamento Maritimo Humanitario, OXFAM, Colectivo Saharaui en Gipuzkoa, Kolore Guztiak, Denon Elkartea, Red Atenea eta Hotz Zarautz eragileek, zehazki.