Jose Angel Santos eta Josu Leonet ETAren biktimak omendu ditu udalak
Donostiako Udalak ETAren beste bi biktima omendu ditu gaur, hilaren 2an, Martuteneko tren geltokiaren parean plaka bana jarrita: Jose Angel Santos eta Josu Leonet. ETAk 2001ean hil zituen Santos eta Leonet, 40 eta 31 urte zituztenean, hurrenez hurren.
Elektra enpresako langileak ziren biak, eta euren lanpostuetara zihoazenean hil zituzten, Martuteneko industrialdera sartzerakoan, urrutitik aktibatutako bonba auto batek eztanda egin zuenean. Atentatuak Iñaki Dubreuil Ordiziako PSE-EEko zinegotzia hiltzea zuen helburu.
Omenaldi xumea egin diete, eta han izan dira biktimen hainbat senide, Donostiako alkate Eneko Goia eta udal taldeetako ordezkariak.
Udala indarkeria politikoaren Donostiako biktimei hiriko espazio publikoan ikusgarritasuna emateko egitasmo bat garatzen ari dira aspalditik, eta horren barruan jarri dituzte azken bi plaka horiek. Horrela, orain arte, 23 biktimaren omenezko plakak jarri ditu guztira udalak, erailak izan ziren tokietan. Zehazki, gaurko biez gain, ETAren biktima Juan Maria Araluze, Jose Maria Elizegi Diez, Antonio Palomo Perez, Luis Francisco Sanz Flores, Alfredo Garcia Gonzalez, Gregorio Ordoñez Fenollar, Francisco Martin Gonzalez, Fernando Mugica Herzog, Rafael Garrido Gil, Daniela Velasco Dominguez de Vidaurreta, Daniel Garrido Velasco, Miguel Paredes, Elena Moreno, Eugenio Olaziregi Borda eta Francisco Javier Gomez Elosegi omendu ditu udalak. Komando Autonomo Antikapitalistak taldearen biktimei dagokienez, Enrique Cuestaren, Antonio Gomezen eta Juan Manuel Garcia Corderoren omenezko plakak jarri dituzte. Bestalde, DRIL talde armatuaren biktima Begoña Urroz omendu du udalak, Batallon Vasco Españolen biktima Maria Jose Bravo del Valle eta Poliziak hildako Joseba Barandiaran Urkola.