Bakardadea saihestu eta jorratuko duten hariak ehuntzeko egitasmoa
Adinberrik eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Hariak egitasmoa aurkeztu dute, nahi ez den bakardadea eta arazo hori konpontzeko kontzientziazioa lantzen duena. Eustaten datuen arabera, Gipuzkoan 2001. eta 2019. urte artean bakarrik bizi den biztanleria %82 hazi da, eta 85.637 pertsonara iritsi da. Horietatik %43,6, 37.300, 64 urtetik gorakoak dira, EAEko batez bestekoaren zortzi hamarren gainetik.
Adinberri Fundazioa, Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren barruan eratutako Erreferentziazko Zentroetako bat, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta lurraldeko gizartearen tresna bat da, bizi luzeraren iraultza –eta horri lotutako hainbat fenomeno– eta horiek dakarten erronka eta aukerak estrategikoki aztertzeko eta jorratzeko. Hori guztia, alderdi sozial, sanitario eta ekonomikotik. Zahartzeak dakartzan erronkei erantzun berritzaile bat emanez, Adinberrik adinekoen bizi kalitatea bermatzeko lan egiten du, zahartze aktiboa, osasuntsua eta zentzua eta esanahia dituena sustatuz.
Etzi, hilaren 6an, Hariak egitasmoa Donostiara iritsiko da. Askotariko egitaraua prestatu dute:
- Istorioak ehuntzen erakusketa bankuetan: Hariak egitasmoaren nortasun ikurra hamar banku dira, eta deka- logoa osatzen duten hamar esaldiak jasotzen dituzte. Alderdi Ederren egongo dira. Gainera, 16:30etik aurrera, bankuek komunitatea eta belaunaldien arteko topaketa sortuko duten bost tailer garatzeko balioko dute.
- Informazio gunea: Egun osoan zehar bankuen alboan, Alderdi Ederren, informazio gunea jarriko dute. Han estrategia azalduko dute eta batzeko dokumentua sinatu ahal izango da. Parte hartzaile guztiei Hariak txapa emango zaie.
- Elkarlaneko eskultura: Leku berean, herritarrek artista batek dinamizatutako hilorama bat sortzeko aukera izango dute, egitasmoarekin lotura sinbolizatuko duena. Hariak eta jarri beharreko posizioa erraztuko dira.
- Musika: 18:30etik 18:45era, musikari batek bakardadea simulatzeko hainbat pieza joko ditu harparen bidez, eta 19:00etatik aurrera egingo den elkarrizketa publikora animatuko ditu bertaratzen direnak.
- Elkarrizketa publikoa: Udal batzar aretoan erakundeen hitzaldiak egingo dira, Hariak estrategian parte hartu duten gizarte eragileen protagonismo bereziarekin. Ondoren, Cum Jubilo eta Easo Gaztetxo abesbatzek kontzertu txiki bat eskainiko dute, eta amaitzeko, Hariak sinfonia interpretatuko dute, J. Elberdinen musikarekin eta Marta Garciaren hitzekin egindakoa.