Haurren eta gazteen euskararen ezagutza zein erabilera sustatzeko egitasmoak abian jarri dituzte
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak martxan jarri ditu euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko haur eta gazteei zuzenduriko hainbat egitasmo. Haurrak Udan Mintza Jolasean eta Aisikasi udaleku trinkoak, Oporretan euskaraz udaleku irekiak –5-11 urteko haurrentzat– eta euskara ikastaroak oinarrizko euskara maila ez duten 16-18 urteko gazteentzat.
Haurrak Udan Mintza Jolasean eta Aisikasi egitasmoetan euskara erabiltzeko gaitasun urria duten haurrek parte hartuko dute. Haur horiek oraindik ez dute euskara menderatzen, gehienak jatorri ezberdineko etorri berriak baitira. Ikastetxean hasi dira euskara ikasten baina uda osoan euskaraz hitz egiteko aukerarik izango ez dutenez, Euskara Zerbitzuak jarduera berezituak antolatu ditu hizkuntzaren ezagutzan eta erabileran urratsak egiten jarrai dezaten. Ekintza horiek aurrera eramateko hiriko ikastetxeen laguntza eta parte hartzea ezinbestekoa izan da, eta ikastetxeek behar-beharrezkotzat jo dute egitasmoa.
Haurrak Udan Mintza Jolasean egitasmoan, 8-10 urteko (LH 3 eta 4 egin dutenak) 120 haurrek hartuko dute parte eta eta hiriko hiru haurtxokotan (Aieten, Altzan, eta Grosen) egingo dira. Zenbait talde hilaren 4tik 22ra (hiru astez) ariko dira eta gainerakoak bi astez, abuztuaren 1etik 12ra. Aisikasi egitasmoa 12-14 urte arteko gazteei (DBH 1 eta 2 egin dituztenak) zuzenduta dago. 110 gaztek hartuko dute parte eta hiriko lau gaztelekutan (Aieten, Altzan, Intxaurrondon eta Grosen) antolatuko dira. Hiru astez jardungo dute, hilaren 4tik 22ra. Ahozkotasuna landuko da bereziki bi udaleku trinko horietan, aisialdiaz gozatuz, era ludikoan, giro lasaian eta atseginean.
Arreta berezia iritsi berri direnentzat
Ukrainako gerraren ondorioz eta beste hainbat egoera tarteko, 2022an haur eta gaztetxo dezente iritsi da atzerritik Donostiara (Ukraina, Nikaragua, Honduras, Ekuador, Siria, Errusia eta abar). Ikastetxeetan euskara ikasten hasi dira eta ikasketa prozesu horretan laguntzeko, egitasmoak jarri ditu martxan Udaleko Euskara Zerbitzuak. Jon Insausti Kultura eta Euskara zinegotziak adierazi duenez “Udaleko Euskara Zerbitzuak behar horiei aurre egiteko udan ekimenak antolatzea erabaki du. Etorri berriak euskararen ezagutzan urratsak ematen jarraitzea da asmoa, udan etenik ez izatea nahi dugu. Antolaturiko ekimenetan, gainera, euskararen ezagutzan oinarrizko mailara iristen ez diren bertako haur eta gaztetxoek ere parte hartuko dutenez, etorri berrien gizarteratze prozesurako lagungarria izango da”.
‘Oporretan euskaraz’, ohiko udaleku irekiak
Oporretan euskaraz udalekuetan, berriz, 5-11 urte bitarteko 700 bat lagun elkartuko dira aurten. Euskararen erabilera sustatzea helburu duten udaleku ireki hauek uztailean egingo dira, 4tik 29ra. Taldeak jaiotze urtearen eta jasotze puntuaren arabera eratu dira eta udalekuak goizez (09:30etik 13:30era) eta astelehenik ostiralera, izango dira. 08:30etik 09:00etara zaintza zerbitzua ere eskainiko zaie horren beharra duten familiei.
Udaleku hauetan era askotako ekintzak egingo dituzte: parke eta zelaietan jolasean ariko dira, hondartzara joango dira, hizkuntz jolasak egingo dituzte, tailerrak, eskulanak, ingurumena landuko dute eta abar. Horrela, jolas giroan, hizkuntza erabili eta hobetu egingo dute haurrek, beraien hiztegia eta hizkera aberastuz, eta aisialdian euskaraz egiteko joera eta motibazioa landuz.
Euskara ikastaro berezituak
Azkenik, Euskara Zerbitzuak, hiriko euskaltegiekin elkarlanean, euskara ikastaroak (B2 arte) antolatuko ditu uztailean oinarrizko mailara iristen ez diren 16-18 urte bitarteko gazteentzat. Lau talde osatu dira eta 42 gaztek eman dute izena. 60 orduko ikastaroak dira eta 60 euro ordaindu behar izan dute.