Joxe Manuel Odriozolaren artikuluen bilduma liburua argitaratu dute
Herrimina argitaletxeak eta Gureberriak hedabideak Joxe Manuel Odriozola Lizarribar idazleak azken hamarkadan Berria egunkarian argitaratutako artikuluen bilduma liburua argitaratu dute: Nazio Euskaldunaren Atarramentua. Liburuaren hitzaurrea idazlearen alaba Onintza Odriozola Irizarrek idatzi du eta Josevisky ilustratzaileak egin du azala. Pasa den maiatzean aurkeztu zuten Galdakaon, Orreaga taldearen hitzaldi zikloaren barruan, eta Herrimina.eus webgunean eskuratu daiteke.
Altzon (Gipuzkoa) 1948an jaioa, Odriozola Donostian bizi da, eta Herriminak azaldu duenez, “soziolinguistikan autodidakta da, eta urteak eta urteak daramatza hartaz hausnartzen eta hausnarketak praktikara ekartzen”. Ildo horretatik, haren alabak horrela laburbildu du Odriozolaren jarduna: “Oro har, hizkuntza eta nazionalismoa, nazionalismoa eta hizkuntza, gurpil zoro horretan mugitu da gure aita, gurpil zoro horrek mugitu du gure aita”.