Patti Smith eta Emir Kusturica Kursaalean arituko dira udazkenean
Kontzertu horietarako sarrerak bihar, asteartea, 11:30ean jarriko dira salgai 'Kursaal.eus' webgunean eta Kursaaleko leihatiletan.
Patti Smith polifazetikoa irailean itzuliko da Donostiara Kursaal Eszenako denboraldi berriari hasiera emateko.
“Mende erdia igaro da ia Patti Smithek Horses bere lehen lana kaleratu zuenetik, zeina 2010ean AEBko Kongresuko Liburutegiko Grabazioen Erregistro Nazionalean sartu zuten. Ordutik, “punkaren amabitxia” ere deitutakoak kaleratu dituen lanek entzuleen aitorpena eta Grammy nahiz Golden Globe sarietarako hainbat izendapen eskuratu dituzte. Idazle, artista bisual eta giza eskubideen nahiz ingurugiroaren aldeko ekintzaile ere badena Lenny Kaye gitarristak, Jay Dee Dauugherty bateriak, Tony Shanahan baxu- eta teklatu-jotzaileak eta bere semeak, Jackson Smith gitarristak osatutako bandaz lagunduta etorriko da”, gogoratu du Kursaaleko bere webgunean.
Lenny Kaye gitarristak, Jay Dee Daugherty bateria jotzaileak, Tony Shanahan baxu jotzaile eta teklatu jotzaileak eta Jackson Smith bere semeak osatzen duten bandarekin iritsiko da Smith gurera.
Urriaren 13an, ostegunean, Emir Kusturicaren txanda izango da, The No Smoking Orchestra taldearekin batera. “Kultura balkanikoaren enbaxadore den artista serbiarraren kontzertuek jai herrikoi eklektiko baten antza dute: korrido mexikarrek, sirtaki greziarrek, csarda hungariarrek eta tarantella italiarrek badute lekua ospakizun alai horretan. Unza Unza izena eman izan diote egiten duten musika estiloari.”. Corps Diplomatique azken diskoko abestiez gain, zinemagileak sortutako soinu-bandak eta aurreko diskoetako doinuak ere ikusi ahal izango dira, taldeak azken agurra eman aurretik.
Kontzertu horietarako sarrerak bihar, uztailak 5, jarriko dira salgai 11: 30ean Kursaaleko leihatiletan eta webgunean.