Poltsiko Antzerkirako XIII. proiektu deialdia zabaldu dute
Poltsiko Antzerkiaren alorrean euskarazko sorkuntzak bultzatzeko XIII. proiektu deialdia jarri du martxan Donostia Kulturak. Proiektuak aurkezteko epea gaur abiatu da, eta irailaren 16an amaituko da. Helbide elektroniko honetara bidali behar dira proposamenak: kulturekintza@donostia.eus.
Bi proiektu aukeratuko dira: irabazleak 1.500 euro jasoko ditu; finalistak, berriz, 1.200 euro. Saritutako lanak hurrengo Poltsiko Antzerki Jaialdiaren barruan estreinatzeko eta antzezteko konpromisoa hartuko dute irabazleek eta finalistek.
Horrez gain, proiektu irabazleak 2.500 euro jasoko ditu Poltsiko Antzerki Jaialdian egin beharreko lau emanaldien truke. Finalistak 2.000 euro jasoko ditu. Era berean, sormen-proiektuak gauzatzeko, kultur etxeek abenduan zehar espazioak utziko dituzte aukeratutako antzezlanak muntatzeko.
2011n jarri zuten martxan lehenengo aldiz modu esperimentalean deialdi hau, Euskal Kultur Erakundearekin izandako esperientzien elkartrukearen ondotik. Aurreko hamaika deialdietan, 81tik gora proiektu aurkeztu dira.