Realak harrobiko sei jokalariren kontratuak berritu ditu
Reala etorkizunera begira jarri da, eta harrobiko sei jokalari gazteren kontratuak berritu ditu: Andoni Zubiaurreren, Jon Pachecoren, Urko Gonzalez de Zarateren, Beñat Turrientesen, Ander Martinen eta Jon Ander Olasagastiren kontratuak, zehazki. “Gure motorra da, gure izateko arrazoia, eta nor garen harro sentiarazten gaituena. Zubietak pozak ematen dizkigu eta ematen jarraituko digu”, nabarmendu du Realak.
Zubiaurrek (Ordizia, Gipuzkoa, 1996) zazpi urte daramatza klubean, eta 2023-2024ko denboraldiaren amaierara arte berritu du; zazpi urte daramatza klubean; Pachecok (Elizondo, Nafarroa, 2001) bederatzi urte daramatza Realean, hemezortzi partida jokatu ditu lehenengo taldearekin, eta 2026-2027ko denboraldiaren amaierara arte berritu du. Gonzalez de Zaratek (Gasteiz, Araba, 2001) sei urte daramatza elastiko txuri-urdina janzten, bi neurketa jokatu ditu lehenengo taldearekin, eta 2027-2028ko denboraldiaren amaierara arte luzatu du bere kontratua. Turrientesek (Beasain, Gipuzkoa, 2002) zortzi urte daramatza klubean, hamahiru partida jokatu ditu lehenengo taldean, eta 2026-2027ko denboraldiaren amaierara arte sinatu du. Azkenik, Martin eta Olasagasti donostiarrek, biak 2000. urtean jaioak, lau eta zortzi urte daramatzate klubean hurrenez hurren, eta 2023-2024ko denboraldia amaitu arte berritu du Martinek eta 2024-2025eko denboraldiaren amaierara arte sinatu du Olasagastik. Sei eta bi partida jokatu dituzte lehenengo taldearekin, hurrenez hurren.