Bukatu dira Kontxa pasealekuko eta Zubieta eta San Martin kaleetako lanak

Donostiako Udalak iragarri duenez, Kontxako pasealekua egokitzeko eta hobetzeko lanak bukatu dituzte. Era berean, Zubieta eta San Martin kaleen norabidea aldatzeko egokitzapenak ere amaitu dituzte. Halere, udalak gaineratu du lan batzuk bukatu gabe daudela: markesina berrien instalazioa, hiri altzariak konpontzea eta abar.
Egindako lanei esker, Kontxako pasealekuak bere ohiko funtzionamendua berreskuratuko du hainbat hilabetez trafiko mugatuarekin ibili ondoren. Bi norabideak erabili ahal izango dira, Antiguarantz eta Erdialderantz, bai ibilgailu pribatuentzat eta baita garraio publikoarentzat ere. Gainera, Kontxako Pasealekua San Martinekin eta Foruen Pasealekuarekin lotzen duen bidegorriaren zati berria irekitzea aurreikusi dute.
Bestalde, Kontxako barandaren zati bat berritu –Flemingen Monumentuaren eta Errege Bainuetxearen artean–, pasealekuko oinezkoentzako gunea zabaldu, zuhaitzez osatutako lorategi bereizketa sortu eta bidegorria ibilbide osoan hobetu eta egokitu dute. Horrekin batera, Añarbeko Uren Mankomunitateak hobekuntza handia egin du inguru horretatik igarotzen den saneamendu sarean.
Bidegorri sarearen hobekuntza
Lan hauen jarduera nagusietako bat bidegorri sare berri bat prestatzea izan da, Kontxa pasealekua eta San Martin kalea lotuko dituena, kale osoa zeharkatuz Foruen pasealekura iritsi arte. Bizikletentzako bide berri bat sortu dute, hiriko bizikleta sarearen prestazioak hobetuz, mendebaldeko aldea Erdialdeko eta Groseko eta Egiako adarrekin lotzen duen ibilbide tronkal berri bat ezarriz. Udalak gaineratu duenez, La Perlatik Alderdi Ederrera bitarteko Kontxako pasealekutik igarotzen den bidegorriaren zirkulazioaren zati bat deskargatuko du.
Norabide aldaketei dagokionez, Zubietako zirkulazio fluxuen norabidea aldatu da. Hala, Zubieta Erdialdera sartzeko bidea izatera pasako da eta San Martin, Urbieta kaletik hasita Antiguarantz irteera kalea bilakatuko da. Zubieta kalean ibilgailu pribatuek dagoeneko zabalik dagoen Arrasate kaletik jarraituko dute, eta autobus, taxi eta motoek Zubietatik jarraitu ahal izango dute Askatasunaren hiribiderantz.