Donostiarraren aurkako salaketa jarri dute, harrobiko arraunlarien kupoa ez betetzeagatik

Eusko Label Ligako lau taldek, Donostiarraren aurkako salaketa jarri dute, pasa den larunbateko eta igandeko estropadetan harrobiko arraunlarien kupoa ez betetzea leporatuta. Zehazki, Bizkaiko hiru taldek eta Gipuzkoako batek salatu dute Donostiarra. Hain zuzen ere, Donostiarrak bandera irabazi zuen igandean, Donostian jokatu zuten estropadan. Salaketaren ondorioa izan daiteke bi estropadetatik deskalifikatzea eta, beraz, punturik gabe gelditzea.
Traineru Kluben Elkartearen (TKE) arautegiak dio gutxienez harrobiko hiru arraunlari eta etxeko lau arraunlari izan behar dituztela taldeek estropadetan, baina salatzaileen arabera, Donostiarraren traineruan harrobikoa ez zen bat harrobikoa izango balitz bezala jarri zuten. Iker Imaz da arraunlari hori: 2015etik dabil klubean, eta Hernanin trebatu zen; hainbat garaitan, Donostiarrarekin hitzartuta egon da klub hori. Horrela, orain arte etxeko arraunlari gisa zegoen katalogatuta Imaz, Donostiarran hiru denboraldiz jarraian baino gutxiagoz egoteagatik; ordea, klubean pentsatzen zuten harrobiko arraunlaritzat har zitekeela.