Elkarrekin Donostiak salatu du udalak Basque Culinary Centerri ematen diola lehentasuna, etxebizitzei baino lehen

Elkarrekin Donostiako Haizea Garai zinegotziak salatu duenez, udal gobernuak lehentasun gehiago ematen dio Grosen eta Uliaren arteko Okendo Alde eremuan Basque Culinary Centerren (BCC) egoitza berria eraikitzeari, Plan Orokorrak eremu horretan aurreikusten dituen gazteentzako eta helduentzako etxebizitzak eraikitzeari baino. Garaik gogorarazi du BCC-ren erakin berria udal jabetzako lursail batean egingo dutela, eta kostua 26 milioi eurokoa izango dela: “Administrazio publikoek ordainduko dute ia osorik –18 milioi Eusko Jaurlaritzak eta 6 milioi Gipuzkoako Foru Aldundiak–”.
Zinegotziak nabarmendu du udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak maiatzaren 24an onartu zuen Plan Bereziaren hasierako onarpenean gazteentzako eta helduentzako apartamentuen exekuzioa ondorengo faseetarako aurreikusten dela. Horregatik, Garaik Hirigintza zinegotzi Nekane Arzallus interpelatuko du hurrengo udal batzordeetan, “udal gobernuak unibertsitate pribatu bati espazio publikoa emateari eman nahi dion bultzadari buruzko premiazko azalpenak eman ditzan, aurretik aurreikusten ziren apartamentuen aurrean BCC-ren eraikina eraikitzeko, eta gizarte ekipamendu horiek eraikiko badituzte, zehaztu dezaten zein datatan eta zein epetan”.
Garaik gaineratu duenez, “eremu hori unibertsitate pribatu bati bere egoitza eraikitzeko lagatzea hiriaren interes publikoaren guztiz kontrakoa da, eta nekez justifika dezakete kontrakoa. Grosen etxebizitza babesturik eta zuzkidurazkorik ez dagoenez, harrigarria da lehentasuna ematea auzoaren beharrei erantzuten ez dien eraikin bat egiteari, eta, bestalde, etxebizitza babestuaren premiei erantzuten dien proiektuaren zatia atzeratzea; gainera, etxebizitza babestuaren hirian dagoen eskaera handia ezagututa”.
Elkarrekin Donostiako zinegotziak gehitu du “EAJ-PSE-EE gobernutik abiatzen diren proiektu guzti-guztiek, donostiar guztientzako hiri kohesionatua sustatzetik urrun, Donostia gero eta segregatzaileagoa eta elitistagoa sustatzen” ari direla, “donostiarren benetako beharrizanak” aintzat hartu gabe. “Langile klaseak hirian bizimodu duina izatea eragozten duen hiri eredu horren aurrean, guk beste Donostia bat posible dela defendatzen dugu. Garaia da Donostia donostiarren beharren zerbitzura egongo den hiria izateko, herritarren eskubideak bermatuko dituen eta bizitza duineko proiektu bat garatzea ahalbidetuko duen hiria izateko”, ondorioztatu du.