Familia etorkinei harrera egiteko bi proiektu aurkeztu ditu Ongi Etorri Eskolarak

Ongi Etorri Eskolarak Inklusiorako Pilulak eta Familientzako baliabide gidak proiektuen emaitzak aurkeztu zituen atzo Tabakalerako Kutxa Kultur plazan. Aurkezpenean, azken bi urte hauetan honako bi proiektuetan kolaboratu eta lagundu duten instituzio, elkarte, Familia Laguna programako familiak eta norbanakoak elkartu ziren.
Bertan, proiektuen abiapuntua eta garapena zein izan den ezagutzera emateaz gain, Familientzako baliabide gidak eta Inklusiorako pilulak aurkeztu zituzten lehen aldiz jende aurrean.
Familientzako baliabide gidetan, Donostiako auzo desberdinetan (Egia, Parte Zaharra, Amara Berri, Intxaurrondo eta Antigua) eta Andoainen dauden eta herrira eta ikastetxeetara etorri berri diren familientzako baliagarriak izan daitezkeen baliabideen inguruko informazioa jaso da, eta euskara eta gaztelaniaz gain beste sei hizkuntzetara itzuli dira. Gida horiek, Ongi Etorri Eskolara proiektuaren webgunean topatu daitezke, eta interesa duen edonorentzat eskuragai izango dira.
Inklusiorako pilulak proiektua, bestalde, Zuhaizti eskolako Kulturarteko Talde Eragiletik abiatutako proiektua da. Bideo formatua duten gida hauek, iritsi berri diren familiei umorearen bidez euskal kulturaren hainbat alderdi ezagutzera emateko helburuarekin garatu dira. Guztira, hamar pilula grabatu dira, eta horietan euskal kulturarekin zerikusia duten hamar gairi buruz hitz egiten da, non pertsona edo erakunde erreferente desberdinek parte hartzen duten: besteak beste, Arraun Lagunak, Albaola Itsas Kultur Faktoria, Chillida Leku, Amaia Agirre bertsolaria, Asier Olaizola, Iñaki Perurena, Emakume pilotarien elkartea, Aitor Agirre, Kresala Kultur Elkartea, Kresala dantza elkartea eta Olatz Salvador. Grabazio horiek Familia Laguna programan parte hartzen duten familiak eta Klaun-in pailazo-taldea izan dituzte protagonista.
Bi proiektu horien bidez, Ongi Etorri Eskolara udal proiektuak etorri berri diren familiei harrera egoki bat egiteko tresnak, eta kulturarteko eredua izango duen gizarte bat sustatzeko baliabideak eskaini nahi ditu.