San Fermin giroak eta jantzi zuri-gorriek bete dute Donostiako autobus geltokia

Sanferminetako txupinazoak eztanda egin ostean, jaia lehertuko da Iruñean 12:00etatik aurrera. Bi urte luze pasa dira sanferminak azkenekoz egin zirenetik, eta jendea gogo biziz dago horiek berriro behar bezala ospatzeko. Baita Donostian ere. Gaur goizean, autobus geltokian jende ugari zegoen, jantzi zuri-gorriak soinean, Iruñera abiatzeko prest. IRUTXULOKO HITZA bertan izan da, eta sanferminez gozatzera joan den jendearekin hitz egiteko aukera izan du.
Alsa autobus konpainiako langile batek aitortu du txartel asko saldu dituztela Iruñerako. “10:00etan bi autobus abiatuko dira, eta 10:30erako sei autobus antolatu ditugu. Horrez gain, egun osoan zehar joango dira autobusak Donostiatik Iruñeara, eta dena beteta dago”, nabarmendu du.
10:00etako autobusean joan dira, adibidez, Errenteriako Amaia Gastesi eta Marisa Mujika. Pandemiako bi urteak kenduta, ahal bada, urtero joaten direla azaldu dute, txupinazo egunean gainera. “Txupinazoa ikusiko dugu, eta ea elektrotxarangaren bat ikusten dugun. Eguna pasatzera joango gara, gauza pila bat daude bertan egiteko”, azaldu du Gastesik. Txupinazoa Gaztelu plazatik ikusiko dute, bertan jarri duten pantailatik. “Gure adinarekin ez gara ausartzen udaletxeko plazara sartzen, baina bueno, egia esan, inoiz ez dugu bertatik ikusi”, gehitu du Mujikak.
Autobus berera igo da Lasarteko Naiara Prado ere, goitik behera sanferminez jantzita. Gaua Iruñean pasa, eta bihar goizean lanerako itzuliko dela azaldu du. “Soilik gaur joango naiz sanferminetara, lanean libre dudan egun bakarra delako. Parranda egingo dut egun osoan zehar, eta bihar goizean itzuliko naiz, justu dutxatzeko eta lanera joateko. Oraindik gaztea naiz hori egiteko”, esan du barre artean Pradok. Donostiatik bakarrik abiatu da, baina lagunak Iruñean ditu zain. “Bazkaltzeko Eroskiko ogia erosiko dugu, eta gero, urdaiazpikoa edo dagoena jarriko diogu ogitartekoak egiteko. Edaria ere bertan erosiko dugu, tabernetan gauzak garestiago daudelako aurten”, azaldu du. Eta eguraldi txarra badago ere, jantzi egokiekin abiatu da Prado Iruñeara: “Euritako txapela eta euritakoa ekarri ditut, horiek izanda ez da ezer gehiago behar sanferminez gozatzeko”.
Gernikako Julen Ardillezentzat eta Bergarako Mikel Perezentzat sanferminetara joaten diren lehenengo aldia da. “Lehen, telebistaz jarraitzen genituen sanferminak. Gaur lehenengo aldiz animatu gara Iruñera joatera, eta bihar 11:00etan dugu itzulerako autobusa”, azaldu du Ardillezek. Txupinazoa udaletxeko plazatik ikusteko saiakera egingo zutela ere azpimarratu dute. “Jendetza egongo da, baina saiatuko gara plazan sartzen; bestela, kalean zehar ibiliko gara”, adierazi du Perezek. Bikote honek jaietarako gogoaz gain, edaria ere hemendik eramatea erabaki du. “Edaria garestia da han, eta, batez ere, ilarak ez itxaroteagatik pentsatu dugu hemendik eramatea”, esan du Ardillezek.
Eta euskaldunez gain, atzerritarrak ere topatu ditugu Donostiako autobus geltokian. Stellan Fries Suediatik etorri da bere familiarekin eta lagun batzuekin, bertako lagun batzuk ikustera. Zarautzen hartu dute ostatu, eta gaur sanferminetara joan dira egun-pasa, 20:00ak arte. Fries, pandemia baino lehen, 35 urtez jarraian izan da sanferminetan. Gainerakoentzat, lehenengo aldia da. “Gaztelu plazatik txupinazoa ikusiko dugu, eta zezenak eta buruhandiak ikustera joango gara gero. Gogo biziz gaude guztiok egunaz gozatzeko”, esan du Friesek.