TKE-ko epaileak dio Donostiarrak ez duela araurik hautsi, berea izan baita akatsa

Eusko Label ligako lau klubek Donostiarraren aurkako salaketa jarri dute, pasa den larunbateko eta igandeko estropadetan harrobiko arraunlarien kupoa ez betetzea leporatuta, baina Traineruen Kluben Elkarteko (TKE) lehiaketako epaileak bere gain hartu du akatsa.
Epailea ofizioz sartu da auzian, Donostiarrak beste klubek jarritako helegitea baino lehen egin zion eskari baten harira, eta behin-behineko epaia plazaratu du, onartuz Donostiarrak ez zuela araurik hautsi, eta akatsa berea izan zela: arraunlarien zerrendetan oker izendatu zuen Iker Imaz; harrobiko gisa izendatu zuen, etxekoa denean. Horrela, oraingoz, Donostiarrak ez ditu galduko pasa den asteburuan lortutako 23 puntuak, eta ligako lehen sailkatua izaten jarraituko du.
Donostiarrak bazekien klub batzuk salaketa aurkeztekotan zirela, eta epaileari eskatu zion argitzeko Imazen izendapena zertan zen, baita argitutakoan jakinarazi zezala klubak ez zuela araurik hautsi ere. Orain, bi eguneko epea eman die epaileak klub salatzaileei, helegiteak aurkeztu ditzaten.
Ligan, kirolari bakoitzak izendapen bat izaten du: etxekoa, kanpokoa edo harrobikoa. Eta, arautegiak dio gutxienez harrobiko hiru arraunlari eta etxeko lau arraunlari izan behar dituztela taldeek estropadetan. Ordea, Imaz harrobiko gisa aritu zen asteburuan, etxekoa zenean.