Argia eta soinua pantailaz harago hedatzen duen 'Vive le cinéma!' erakusketa ikusgai, Tabakaleran
Tabakalerak Vive le cinéma! erakusketa inauguratu du, zinemaren mugak aztertzen dituen erakusketa. Bertan, Dea Kulumbegashvili, Isaki Lacuesta, Lemohang Jeremiah Mosese eta Jia Zhang-ke zinema-zuzendarien ikus-entzunezko lanak aurkezten dira. Horiek, zinema egiteko euren ohiko praktika eraldatu dute erakusketa-areto baterako instalazio zinematografikoak sortzeko. Erakusketa hau Tabakalera eta Amsterdameko Eye Filmmuseumen arteko ekoizpena da, Donostia Zinemaldiarekin lankidetzan; 2022ko uztailaren 9tik 2023ko urtarrilaren 8ra arte egongo da ikusgai, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko lehen solairuko erakusketa areto nagusian.
Vive le cinéma! erakusketan zinemagile bakoitzak argia eta soinua erabili ditu hainbat gai lantzeko: bizitza eta heriotza, politikoa eta egunerokoa, eta gorputzaren presentzia eta absentzia. Gainera, gailu zinematografikoa bera ere berriro asmatu da, praktika artistikoentzako egokiagoa den teknologia bat erabiliz, esperientzia filmikoa areagotzeko. “Gero eta ohikoagoa da erakusketa-aretoetan filmak ikustea edo ikus-entzunezko piezak zinema-areto batean; baita bi diziplinen arteko konfluentziaren emaitzak ikustea ere. Zinemaren eta erakusketen arteko gurutzaketa honetatik bestelako espazio-denbora harremana sortzen da. Espazioari dagokionez, zinema-pantailan estatikoa eta dimentsio bikoa dena, eraldatu egiten da erakusketa-espazioan eta ikusleak hiru dimentsioko esperientzia izaten du. Denborari dagokionez, ez dago hasierarik eta amaierarik, mugitzen diren irudiak etengabe erakusten baitira erakusketa-aretoetan”, azaldu du Tabakalerak.
Erakusketa egituratzen duen ideia zinema berraurkitzearena da, argia eta soinua pantailaz harago hedatzeko moduarena. “Hedatutako zinema” modu berriek, begiratzekoek, entzutekoek eta esperimentatzekoek, funtsezko zeregina dute erakusketako lau artisten obretan. Erakusketako lau proposamenetako bi, Jia Zhang-kerena eta Moseserena, Amsterdameko Eye Filmmuseumen aurkeztu ziren eta Europako erakunde nabarmen honekin lankidetzan aritu da Tabakalera, erakusketa hau abian jartzeko. Bestalde, Lacuesta eta Kulumbegashvilirenak berariaz ekoitzi dira erakusketa honetarako.