Ekialdeko Barrutiko emakumeak lan munduan sartzen laguntzeko egitasmo bat abiatu du udalak
Donostiako Udalak Aurrera enplegurantz! izeneko proiektua aurkeztu du. Ekialdeko Barrutiko –Altza, Herrera, Bidebieta eta Intxaurrondo– emakumeak laneratzeko sustapen programa pilotua da, lana aurkitzeko zailtasunak dituztenei zuzendua. Donostiako Sustapena da bultzatzailea, EDE Fundazioaren Emaktiva programarekin lankidetzan.
“Udalaren DSS22 Ekonomia Bultzatzeko Planaren barruan kokatzen da. Plan horren lehentasuna emakumeei laguntzea da, bereziki ahulenei, gizarte-kohesioa lortzeko. Eta, oraingo honetan, programa pilotu hau Ekialdeko Barrutiko emakumeei zuzendu diegu, barruti horretan biltzen baita hiri osoan langabezian dagoen emakume kopururik handiena”, azaldu du Marisol Garmendia zinegotziak.
Interesa duten emakumeek www.fomentosansebastian.eus webgunearen bidez eman dezakete izena, edo, bestela, udal sozietateak arreta emateko dituen ohiko kanalen bidez. Aurkeztutako guztien artean, 24 emakume aukeratuko dira. Irailean, orientazio eta prestakuntza prozesuari ekingo diote, bi taldetan, taldeko eta banakako jarduerak eginez.
Langabezia datuak
Donostiako langabeziari buruzko ekaineko datuak zehaztu gabe dauden arren, Sustapenak hilero egiten duen txostenaren arabera, maiatzean, 7.430 langabe zeuden hirian. Horietatik, 4.221 emakumeak ziren eta 3.209 gizonak. Hala, langabezia tasa % 8,4koa da. Jaitsiera txiki bat izan da gizonen kasuan, eta jaitsiera ez da horrenbestekoa izan emakume langabeen kasuan. Beraz, oraindik ere langabezia handiagoa da emakumeen artean gizonen artean baino.
Kontuan hartu beharreko datu bat: 30 urtetik beherako pertsonen artean, langabezia maskulinoa da, baina egoera aldatu egiten da adin horretatik aurrera: adin tarteren batean, alde handiak daude; 45 urtetik gorakoetan, esaterako. Bestalde, Ekialdeko Barrutiko auzoak dira langabeziarik handiena dutenak (guztiaren %32). Genero arrakala ere handiena da han.