Hiru kanta kaleratu ditu Oki Moki taldeak zuzeneko bideo batean
Getarian sortu arren, Donostiako erroak dituen Oki Moki bandak zuzeneko hiru kanta grabatu ditu bideoan. Intxaurrondoko Paula Estevezek eta Getariako Aritz Aranburuk sortu zuten, eta Iñaki Castro donostiarrarekin aritu ostean, Joseba Artza dabil orain baterian.
Hirukoak Working Class Pop lehendabiziko diskoa aurkezten aritu ostean, hiru kanta berrirekin aurkeztu dira: Hire bidetik, Itsasoko istoriyak eta Mundu berri bat. Orokorrean, aurretik egindakoaren ildotik jarraitzen dute, punkaren abiadura, eta rock garbia nahastuz. Oki Moki taldeak pop atmosferak eta punk arima uztartzen ditu, lo-fi melodiekin batera. Iaz ateratako diskoa osorik entzun daiteke beraien Bandcamp atarian.
Estevezek Irutxuloko Hitzaren 15. urteurrenean parte hartu du. Bere ilustrazio bat darama Irutxuloren kamiseta eta poltsa berri batek. “Donostiarrentzat hain garrantzitsua den hedabide baten urteurrena ospatzen parte hartzeak asko pozten nau”, adierazi zuen iaz hedabide honek egin zion elkarrizketan.