Mitomania eta fikzioaren katea
‘Bergman Island’
Zuzendaria: Mia Hansen-Løve
Urtea: 2021.
Herrialdea: Frantzia.
Mia Hansen-Løve Frantziako zineak mende honetan eman duen ahots nabarmenetarikoa da. Zine kritikan hazia, bere lehen filmek lilura eragin zuten, istorio berez xeheak idatzi eta pantailaratzeko sentsibilitatea medio, garaiaren pultsua, horren etereo eta iheskorra den balore horren elementuak josteko gaitasuna adierazten baitzuen. Edonola, Hansen-Løven zinearen inguruan arazoak ikusten dituztenak badira, bere filmen itxura berdintsuegia delaren oihartzuna zabaltzeraino. Pertsonaia, oro har, urbanoak; erlazioen, generoaren edo denboraren igarotzean arreta fokua dutenak, eszenaratze naturalistaren bitartez garatuak. Estiloaren depurazioa gauzatu bitartean, bere irudiek indarra galdu ote dute? Hau, jakina, garaiaren arabera bertute edo gabezia da. Nork esan lezake Yasujiro Ozu edo Woody Allenena ez dela egile nortasun nabarmenez eraikiriko zinea?
Kontuak kontu, Bergman Island-ek aldaketa nabarmena dakar zuzendariaren ibilbidean, bere sinopsitik bertatik abiatuta: Anthony eta Chris (Tim Roth eta Vicky Krieps) adin ertaineko bikote dira. Biak zine idazle eta zuzendariak dira, eta erlazio sano eta orekatua dutela ematen du. Kutsu urbanoa erabat hautsi egiten da, pelikularen background-a Fårö Suediako irla ikonikoa baita, Ingmar Bergman zuzendariaren paradisu eta erretiro tokia, bere film askotako errodaje parajea. Bikoteak bertara joateko gonbita jasoko du eta biek baliatuko dute inspirazio iturri bezala. Inguruaren ezagutzearen eta norberaren sortze-bidearen koordenadak (gizona etxean ezarriko da, emakumea errotan) eraginkorki markatu ondoren, laster azaleraziko da Chrisek arazoak dituela bere gidoia garatzeko. Hala, senarrari egingo dion kontaketan sartuko gara filmaren haustura nagusienean, etorkizuneko pelikula hori pantailaratuko baitzaigu (adierazkorki, Hansen-Løven Un amour de jeneusse-en osagai ugarirekin).
Fikzioaren agerpenak, hain zuzen ere, markatuko du filmaren adiera tematikoaren ardatza. Fårö irlako agertoki berdinetan garatua, ispiluen jokoa zabalduko da ‘errealitate’ eta fikzioaren artean (Chrisen irudia askotan bikoiztuko da era grafikoan, plano orokor ugaritako bazterrean bere ispilukoetako isla beha baitaiteke). Eta jokoa urrutiago ere eraman liteke, izan ere, Anthony eta Chrisen errealitate hori… ez al da funtsean fikzioa? Zentzu honetan, pertsonaia bezala, Hansen-Løve bera ere Olivier Assayas zuzendariaren bikote izan da urte askotan. Hala, Bergman Island panpin errusiarren mekanismoaren bitartez pentsa genezake, etengabe eta elkarri kateatuta jaiotzen diren narrazioak baitira. Era ederrean planteatzen ditu, halaber, Hansen-Løve-ek istorio berrion haziaren bi poloak: norberaren bizitza, lehenik, propio ditugun beldur, maitasun, gorroto eta gaitasunekin; eta denon eskura dauden erreferenteak, bestalde. Eta hor altxatzen da Ingmar Bergmanen figura totemikoa. Irla bera zinefiliaren parke tematiko gisa dago marraztua, eta pertsona bakoitzak, maisu suediarraren pelikuletako existentzialismo, jainko eta mamuak edo krudeltasuna era pertsonalean ulertuko ditu. Bergmanenganako mitomania erreferente unibertsalen zeinu nabarmena da, gure istorioak iritsi aurretik bertan zeuden kontaketena.
Filmaren azken pasarteetan pertsonaia berria azalduko da: erdiguneko bikotearen alaba, irlara iritsiko dena eta bere gurasoen narrazioek zipriztindu dezaten utziko duena. Elkarri segidan doazen istorioen hurrengo katebegia bertan dugu.