Xabier Atristain espetxetik atera da hirugarren gradua eskuratuta
Preso donostiarrari hirugarren gradua ematearen alde egin du Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak, eta gaur goizean irten da Martuteneko espetxetik.
Berria egunkariak jakinarazi duenez, hurrengo egunetan zehaztuko dute hirugarren gradua nola gauzatuko den. Espetxetik atera izanak, baina, ez du zerikusirik Giza Eskubideen Europako Auzitegiak haren alde emandako ebazpenarekin, hirugarren gradua jasotzeko baldintzak bete izanarekin baizik.
Ekainaren 2an atxilotu eta espetxeratu zuten azkenekoz, Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakiz. Aurrez, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren ebazpen baten eraginez askatu zuten, otsailaren 18an. Izan ere, Estrasburgoko auzitegiak urtarrilean ebatzi zuen, «epaiketa justua eta ekitatezkoa» izateko eskubidea urratu zitzaiola Atristaini, inkomunikazio garaian konfiantzazko abokatu bat izateko eskubidea galarazi zitzaiolako. Ebazpenaren arabera, erabaki hark «prozesuari modu orokorrean» eragin zion. Halako kasu bategatik Espainiako Estatua zigortu duten lehen aldia izan zen, eta EH Bilduk adierazi zuen beste dozenaka presoren kasuetan ere aplikagarria litzatekeela.
Apirilean, ordea, Espainiako Estatuaren Abokatutzak helegitea jarri zion ebazpenari, Giza Eskubideen Europako Auzitegiko Sala Handiak aztertu zezan, baina auzitegiak ez zuen tramitera onartu. Halere, Espainiako justiziak entzungor egin du Estrasburgoren erabakien aurrean, eta Auzitegi Goreneko fiskaltzak Atristaini jarritako hamazazpi urteko espetxe zigorra aztertzearen aurka egin zuen maiatzean, defentsaren eskaerei kontra eginda. Gorenak ere fiskaltzarekin bat egin zuen, eta ebazpen haren ostean atxilotu zuen Ertzaintzak Atristain, Martutenen espetxeratzeko.