Antigua eta Aiete lotzeko hiru igogailu bertikal eraikiko dituzte Lugaritzen
Matia Fundazioak adinekoentzako 51 etxebizitza eraikiko ditu Lugaritzen. Horrekin batera, hiru igogailu bertikal egingo dituzte Antigua eta Aiete arteko mugikortasuna hobetzeko. Donostiako Udalak eskatu zion Matiari igogailu horiek eraikitzeko, eta proiektuaren barruan sartu dituzte. Era berean, igogailu horien kostua Matiak ordainduko du.
Lugaritzen “bizitza osorako etxebizitzak” sortuko ditu Matiak, “adinekoentzako bizitokien arloan proiektu berritzaile bat sustatzeko asmoarekin”. Gainera, etxebizitzak bikoteen eta familia bizikidetzako unitateen elkarbizitzara bideratuta daude, bizilekuaren ordezko baliabide gisa hartuta. Etxebizitzak, bi edo hiru gelakoak izanik, alokairu bidezkoak izango dira.