"Auzoaren birikak dira Zipotz Jaiak"
Bi hamarkada baino gehiago daramatza Asier Sanchez Oribek (Errenteria, 1980) auzoan eta auzoaren alde lanean. Jaietan, San Joan bezperan… Beti dugu hor, laguntzeko prest. Espigon Berri supermerkatuko burua dugu.
Urte asko daramatzazu Zipotz Jaien alde lanean. Zertan aritzen zara?
Elkartasun espiritua Oreretatik datorkit, herri mailan hori dugu-eta. Ez Zipotz Jaiekin soilik, San Tomas egunean eta beste hainbat ekimenetan ere auzo mailan elkartasuna erakustea gustatzen zait ahal dudan neurrian. Elikagai ugari nire kontu izaten dira, eta hozgailu handiak behar badituzte antolakuntzakoek, adibidez, San Joan bezperako sardina-janarako, supermerkatuan sartzen dugu arraina, kilo asko direlako. Nire kontaktuei esker prezio hobean lortzen ditugu batzuetan, eta beste batzuetan, nire kontu izaten dira hainbat gauza.
Zein izan da zure ibilbidea Grosen?
2000. urteko apirilean hasi nintzen langile gisa supermerkatuan. Oreretatik nentorren, euskal mundutik, eta supermerkatuaren ardura hartu nuenean, inguruko jendarekin harremanetan hasi eta auzoan murgildu nintzen; pixkanaka-pixkanaka sarea sortu nuen. Hala joan naiz murgiltzen eta parte hartzen gaur arte.
Zuretzat zer dira Zipotz Jaiak eta zein da festen ekarpena?
Auzoaren birikak dira, arnasketa sakona ematen diote auzoari. Izan ere, ni donostiarra ez izanda ere, hunkitu egiten nau jaietako danborradak hemendik pasatzerakoan, adibidez. Grosekoa sentitzen naiz, oreretarra baino gehiago kasu askotan.
Pandemian laguntzen ere aritu zara auzoan.
Bai, inguru honetan bai hasi ginela pixka bat gure laguntza eskaintzen: banaketak egiten genituen etxebizitzetara, eta mugitzen ginen ahal genuen neurrian; gure ekarpena txikia izanda, gutxienez auzoan gelditu zedin.
Eta nola ikusten duzu Gros, COVIDaren zurrunbiloa pasa ondoren?
Egiazki, pixkanaka itzaltzen ari da, zoritxarrez. Pandemiagatik dena nahastu zen okerrera, jendea nahastuta zegoen arima eta jarrera aldetik. Eta orain konturatzen ari naiz pixkanaka komertzio txikiak ixten ari direla. Nik neuk ere nire kasuan hausnarketa egina dut, atzera-kontua baita. Denbora kontua besterik ez da, gaur egungo edozein komertzio txikik dituen gastuak askotan jasanezinak direlako: alokairua, argiaren igoera, kontsumoaren jeitsiera… Mozkinak gero eta txikiagoak dira eta behartzen zaituzte, nire kasuan, adibidez, bakarrik lan egitera egunean 15 orduz.
Supermerkatu txikia da zurea, auzo-izaera duena, ez da frankizia. Bezeroak izenez ere ezagutzen dituzu.
Bai. Auzo-giroa, laguntasun-harremana gustatzen zait. Giroa oso beroa dago Grosen. Hogei urterekin etorri nintzen hona eta jende guztiak besozabalik hartu nau. Horrek pertsonalki asko hunkitzen nau, auzoak asko betetzen nau, elkartasuna erakutsi didalako hasieratik. Auzotarrak nirekin hain ondo portatu dira, non zorretan izango naizen beti. Oreretakoak burugogorrak izan gara esparru guztietan, eta auzokide hurbilei esaten diet: nire harrotasun horrek eramango nau azkeneko momentura arte negozio honen alde borrokatzera.
Nola ikusten duzu Gros hemendik urte batzuetara eta zer esan nahi diezu etorkizuneko auzotarrei?
Auzo mailan nire burua islatuta ikusten dut, Grosek ere baduelako borroka egiteko grina. Ez dut ikusten auzo ahula denik, aurrera ateratzeko helburua duena baizik. Beti irteten dira eginkizunak, eta auzoarentzat eginak, ez turistentzat; oso familiarrak.
Espuela: Zer galdera egingo zenioke zure buruari elkarrizketa honetan?
Ufa, harrapatu nauzu… Auzoarengatik galdetu didazunean, ez dut esan lokal asko hutsik ikusten ditudala Grosen denbora luzez. Hori da batik bat gastu finkoen erruz. Eta komertzio txikien aldeko instituzioen interbentzionismo apurtxo baten falta sumatzen dut. Hain zuzen ere, krisi ekonomiko sakon batean gaudenez, laguntzak bideratu beharko lituzkete auzoak ez desagertzeko. Bestela hemendik zazpi edo zortzi urtera ez da ezta erdia geratuko ere.
Espuelaren espuela: Gure inguruko zeini zer galdera egingo zenioke?
Noiz eta nola izango diren gai instituzio pubikoak neurri zehatz batzuekin negozio txikiak laguntzeko, auzoaren eta auzotarren alde.
Gros, bi hitzetan
-Lekua: General Artetxe kalea
-Pertsona: Auzo elkartea
-Lokala: Nirea bertan
-Giroa: Zipotz Jaietako Danborrada
-Ametsa: Auzoko argia ez dadila inoiz itzali