Donostiako gazte bat larri zauritu dute Iruñeko bosgarren entzierroan
Hiru adarkada izan dira Iruñeko bosgarren entzierroan, eta zaurituetako bat donostiarra da. Orain arteko entzierro arriskutsuena izan da, Cebada Gago ganadutegiko zezenena. 3 minutu eta 12 segundo behar izan dituzte zezen plazako ukuiluetara iristeko.
Gurutze Gorriak emandako datuen arabera, gutxienez zazpi lagun zauritu dira; hiru, adarkadaz. Guztiak gizonak, eta adin nagusikoak. Adarkatuetako bi pertsona zezen plazan bertan operatu, eta Nafarroako Ospitale Gunera eraman dituzte. Horietako bat 22 urteko donostiarra da. 18 zentimetroko adarkada jaso du iztondoan.