Giro ederrean egin dute Esklerosi Anizkoitzaren inguruko 'Busti Zaitez' kanpaina
Esklerosi Anizkoitzaren inguruko aurtengo Busti Zaitez kanpainak parte-hartze zabala izan zuen atzo, eta positiboki baloratu du ADEMGIk. “Egun oso berezia izan da, eta pandemiaren ostean, kanpaina berriro ere Gipuzkoako hondartzetan eta igerilekuetan egiteko aukera izan dugu. Merezi duen bezala ospatu dugu 20. urteurrena”, azaldu du.
Kontxako hondartzan egindako ekitaldi nagusiaz gain, informazioa eta merchandising materiala saltzeko standak jarri dira Ondarretan eta Zurriolan, Ordizian, Oñatin, Zumaian, Hondarribian, Zarautzen, Errenterian, eta larunbatean Legazpin.
Kontxako erlojuetako ekitaldi nagusira gizarteko esparru guztietako pertsona ospetsuak joan dira Esklerosi Anizkoitzaren aurka bustitzera. Horien artean, Eneko Goia alkatea, Aitziber San Roman Donostiako Udaleko gizarte-ekintzako zinegotzia, Txaro Rodrigo Gipuzkoako Foru Aldundiko mendekotasunaren eta desgaitasunaren arretarako zuzendari nagusia, Idoia Yeregi Auzitegi Ekonomiko Administratiboko presidentea, Marisol Garmendia Ingurumen zinegotzia, Claudio Munoa eta Gonzalo Lapazaran Casa Munoa bitxi-dendakoak eta Irune Zubiaurre Up to You-koa.
Kanpaina hau duela 20 urte jarri zen martxan Gipuzkoan, eta ikusgarritasuna emateko, Esklerosi Anizkoitzari aurpegiak jartzeko eta bizipenak eta esperientziak partekatzeko aukera ematen du. Euskal Autonomia Erkidegoan 2.700 pertsonari eragiten die gaixotasun horrek; Gipuzkoan 750 lagunek dute Esklerosi Anizkoitza, eta Estatu osoan 56.000 lagunek.