Joseba Zaldua donostiarrak Reala utzi du, 16 urte luzeren ondoren
Realak donostiar bat gutxiago izango du lehen taldean. Joseba Zalduak Cadizen jokatuko du datorren denboraldian, eta talde txuri-urdina utziko du 16 urte luzeren ondoren. Guztira, zortzi denboraldi egin ditu Realarekin, nahiz eta urtebetez Leganesen utzita aritu.
Klubak adierazi du Donostiako ume guztien ametsa bete duela, eta onena opa dio etapa berrirako: “190 partida lehen taldearekin, elastiko urdina jantzi duen bakoitzean %100 eman duen jokalari konprometitu batentzat. Klubeko beheko kategorietan kadete adinean sartu zen, lehen taldera iritsi arte. Sekulako partida batean debuta egin (Celtari 4-3 irabazita) eta momenturik onenak bizi ditu, Europa Ligako azken sailkapenekin eta, batez ere, Kopako garaipenarekin, talde txuri-urdinaren historia bikainenean betiko gogoraraziko duena”.
Ligako lehen jardunaldian Realak eta Cadizek elkarren kontra jokatuko dute, eta baliteke Zalduak debuta egitea bere talde ohiaren aurka.