Ahalik eta babes sozialeko etxebizitza gehien bermatzeko beharra aldarrikatu du EH Bilduk
Pilarreko Ama klinika zaharra zegoen tokian, Intxaurrondon, 44 etxebizitza eraiki dira. Horien artean, hamalau etxebizitza tasatu daude eta kudeaketa Donostiako Etxegintzaren esku dago. EH Bilduk azaldu duenez, joan den ekainaren 14ko Tokiko Gobernu Batzordean hamalau etxebizitza tasatuen prezioak ezarri ziren, eta babestutako etxebizitzak izateko, “prezioak benetan neurrigabeak” direla azpimarratu du, 398.544 eurotara iritsiz.
“Legez babes publikoko etxebizitzatzat hartu arren, etxebizitza tasatu horiek ez daude etxebizitza bat behar duten donostiar gehienen eskura. Horregatik, EH Bilduk Udal Gobernuari eskatzen dio tramitatzen ari diren etxebizitzen sustapen berrietan etxebizitza tasatuen kopurua gutxitu dezala eta babes sozialeko etxebizitzen kopurua handitu dezala”, nabarmendu du. EH Bilduren ustez, “beharrezkoa” da Donostian sustatzen diren ekimen pribatuko hirigintza-proiektu guztietan gutxienez %50 babes sozialerako gordetzea.
Hala ere, “ahalik eta babestutako etxebizitza gehien” bermatzeaz gain, horietako gehienek babes sozialekoak izan behar dutela uste dute. “Tasatuak ahalik eta gutxien eskaini behar dira, eta, ahal den neurrian, etxebizitza sustapenetatik ezabatzen joan sustapen batzuetan”, adierazi du EH Bilduk.