Banda Bi taldeak 'Abelardo mon amour' ikuskizuna eskainiko du Amara Berriko jaietan
Amara Berriko Karmengo jaiak asteburuan ospatuko dira, eta, larunbatean, Banda Bi taldeak Abelardo mon amour ikuskizuna eskainiko du. Kontzertu antzerki bat da, eta 22:30etik aurrera ikusi ahal izango da, Gregorio Ordoñez kalean. Taldeko kidea den Imanol Lizarraldek azaldu ditu taldearen eta ikuskizunaren inguruko xehetasunak.
Duela urte batzuk, Parte Zaharrean Banda Bat izeneko talde bat zegoen. “Gaur egun gurekin jotzen duen taldekide bat banda horretan aritutakoa da, eta horregatik erabaki genuen taldeari Banda Bi izena jartzea, lehengoari jarraikortasun bat emateko”, azaldu du Lizarraldek.
Taldea duela bi urte inguru sortu zen, eta Abelardo mon amour ikuskizuna egin dute elkarrekin. “Parte Zaharreko lagun bati buruzko istorio bat egin genuen, eta guk Abelardo izena jarri diogu pertsonaia horri. Istorioarekin lotutako hamabost kanta osatu genituen, eta baita zenbait antzerki esketx ere. Antzerkia eta musika uztartu ditugu ikuskizun honetarako”, nabarmendu du. Emanaldi “lizun eta dibertigarria” egin dute horrela, eta musika eklektikoa aukeratu dute ikuskizuna girotzeko: “Askotariko musika erabiltzen dugu istorio bat kontatzen ari garelako abestien bidez, eta, egoeraren arabera, musika estiloa aldatuz joaten da”.
Gaiari dagokionez, Abelardo pertsonaiaren historiaren inguruan “mito urbano bat proiektatzea” izan da taldearen helburua. “Ikuskizunean gertatzen den ia %100 benetan gertatutakoa da. Abelardo gaur egun Aita Menni psikiatrikoan dago, baina ikuspuntu komiko eta satiriko batetik begiratu behar da guk jorratu dugun emankizuna. Abelardo gure kuadrillako laguna da, urte asko daramatzagu berarekin, eta berak beti kontatu izan dizkigu bere istorioak. Interesgarriak iruditzen zaizkigu, izan ere, komedia dira azken finean. Komedia izan daiteke, adibidez, ia-ia tragedia bihurtzen den gauza bat, baina azkenean ez dena tragedia bihurtzen. Hori da bere historia. Abelardok mendeku bat egin nahi izan zuen berari egin zizkioten zitalkeri batzuengatik, eta mendeku hori show dibertigarri bat bihurtzen dugu emanaldian”, adierazi du.
Ordubete eta hogei minutuko ikuskizuna da gutxi gorabehera, eta Loiolako kultur etxean inauguratu zuten azaroan. Larunbatean, Amara Berrin ikusteko aukera izango du interesa duenak.