Eguzki kirol klubeko "diskriminazioarekin" bukatzeko asmoa du udalak
Kontxako pasealekuan dagoen Eguzki kirol klubak ez du berdintasun legea betetzen. Are gehiago, ez du emakumeentzako aldagelarik.
Kluba pribatua izanik ere, udal jabetzakoak diren instalazioak erabiltzen ditu. Hori dela eta, Donostiako Udalak emakumeentzako aldagelak jartzeko lanak bere gain hartzea aztertzen ari da. Eguzki klubaren urraketa atzoko udal batzordeetan izan zuten hizpide. Elkarrekin Donostiako zinegotzi Marta Huartek egindako interpelazio bati erantzunez, Duñike Agirrezabalaga zinegotziak adierazi zuen klubaren “diskriminazioarekin” bukatzeko asmoa duela udalak.
1925ean sortu zuten Eguzki kirol kluba eta bazkide guztiak gizonezkoak dira –600 inguru–. Duela hamar urte, klubak estatutuak aldatu zituen emakumeak ere bazkide izan zitezen. Ordea, urteak pasa dira eta ez dute pausorik eman norabide horretan. Klubeko zuzendaritzaren arabera, ez dute emakumeentzako aldagelarik, eta hori da arrazoia bazkideen artean emakumerik ez izateko.
Hori dela eta, udalak klubarekin hitz egingo du akordio batera iristeko. Emakumeentzako aldagelak egiteko lanak udalak ordainduko lituzke, eta kostua 36.000 eurokoa dela aurreikusi dute.