Sute bat izan da Ametzagaña kalean
Gaur gauean 04:50ak aldera sute bat izan da Egian, Ametzagaña kaleko 59. zenbakian. Larrialdi zerbitzuek emakume bat artatu dute kea arnasteagatik, eta ospitalera eraman dute.
Karmengo Andre Mariaren kaleko 58. zenbakiko hainbat lokaletan kalteak eragin ditu suak, Txondorra kultur elkartean, besteak beste.
Donostiako Udalaren arabera, dirudienez, sutearen jatorria elektrikoa da, baina sutea nola piztu den argitzen ari dira oraindik.
Txondorra kultur elkartearen goiko etxebizitzan bizi den bizilagun batek IRUTXULOKO HITZAri azaldu dionez, 04:30ak aldera, logelako leihoak irekita zituen beroagatik, esnatu egin da, eta suhiltzaileen bi kamioi ikusi ditu Karmengo Andre Mariaren kaletik jaisten. “Kamioiek ez zuten zaratarik egiten, baina jendea entzuten nuen kalean, eta pareko eskaileretatik gorantz igotzen ari zirela ikusi dut. Ondoren ertzainak etorri dira, eta galdetu digute ea gure eraikinean kerik zegoen. Egia esan, nik ez nekien hemen kerik zegoen ala ez, baina oso usain txarra zegoen. Dirudienez, kea 58. zenbakian hasi da, eta emakume bat ospitalera eraman behar izan dute”, azaldu du bizilagunak. Kalean ke handia zegoela nabarmendu du, eta balkoiko baranda guztia eta zintzilik zeukan arropa garbitu behar izan dituela, guztia beltza zegoelako.
Hala ere, ez omen da etxe horretan sute bat gertatzen den lehenengo aldia. “Nik 14 urte nituenean, 58. zenbakiko etxea eta hurrengoa erre egin ziren, toki guztietako suhiltzaileak etorri ziren, eta habetuta daude gaur egun bi eraikinak. Goizaldean hori izan dut gogoan. Etxe hauek behin eta berriro pitzatu izan dira, eta etxabe hauek beti izan dira arriskutsuak, izan ere, bi kale elkartzen dituzte eta oso handiak dira beheko lokalak”, gehitu du.
Ondoren, gertatutakoa ikertzen ari ziren udaltzainek jakinarazi dutenez, Ametzagañako lokal horietako batean piztu da sua, Karmengo Andre Mariaren kaleko 58. zenbakiko etxearen atzealdean. “Etxe azpiko lokalak eta eskuin aldean daudenak konektatuta daude, eta etxabe osoan eragin ditu kalteak”, esan du udaltzain batek.