Hinrich Sachs izango da San Telmoren 'Museo Bikoitza' programako hurrengo artista
San Telmo Museoak iragarri du Museo Bikoitza esku-hartze programaren hurrengo artista gonbidatua Hinrich Sachs dela, Iratxe Jaiok eta Klaas van Gorkumek hala hautatuta. Museo Bikoitza programaren ezaugarrietako bat da edizio bateko artistak hurrengo ediziokoa gonbidatzen duela proiektuan parte hartzera. Hala, Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkumek osatzen duten bikote artistikoak hautatu du Hinrich Sachs hurrengo urtebetean Museo Bikoitza proiektuan lanean aritzeko.
Hinrich Sachs (Basilea, Suitza, 1952) euskal artista eta idazlea da. Haurtzaroa Donostian pasa ondoren, arte bisualak ikasten jarraitu zuen Hanburgon (Alemania), eta geroago Parisen (Frantzia). Artistak modu ibiltarian egiten du lan, Mendebaldeko kulturako lanak bariazio lokal eta bereizgarrietara nola eramaten diren aztertzen. “Iradokitzailea, batzuetan jostagarria, den ikuspegi batekin”, Sachsek kapital globalak eta interes korporatiboek ondare kulturalaren eraikuntzan duten eragina aztertzen du.
Egun, Fog Friend Font. Ways of Doing Multi Lingual Sense (HumboldtBooks, Milan 2019) aurkezten ari da, multilinguismoari buruzko argitalpen proiektu transkulturala. Aldi berean, kultura ondare gorpuztuaren gaia ere lantzen ari da Peru eta Danimarkako bazkideak barne hartzen dituen proiektu batean.
Euskal Herrian, Hinrich Sachsek Arteleku eta Consonni bezalako erakundeekin kolaboratu du. Bere lana San Telmo Museoan izan da ikusgai (Suturak, 2014) eta nazioartean, besteak beste ondorengo erakundeetan: Le Plateau (Paris, Frantzia); MAMCO (Geneva, Suitza); Museum Ludwig (Köln, Alemania); Moderna Museet (Stockholm, Suedia); Proyecto AMIL (Lima, Peru); eta Taipei Fine Arte Museum (Taiwan). Berriki, Suitzako ProLitteris Fundazioak ematen duen Arte Bisualen 2021eko Sari Nagusia jaso zuen.