"Jai Batzordea erreferentea da auzoan"
Makina bat urte daramate Groseko Jai Batzordean. Maider Arriolak (Gros, 1991) eta Oihana San Josek (Gros, 1974) antolakuntzaren lehen lerroa utziko dute aurten, baina lanean jarraituko dute.
Pandemiari agur esan diogu eta martxan gara berriz. Jai batzordeari nola eragin dio honek guztiak?
Maider Arriola (M.A.): Pandemia hasi eta segituan hasi ginen astero biltzen. Hortaz, 2020eko eta 2021eko jaiak beste era batera planteatu genituen, ahalik eta gehien egiteko moduan beti, eta martxan jarraitu dugu. Arrankatze hori pixka bat kostatu zaigu, baina orain jendea erantzuten ari da. Hortaz, aurten planteamendua izan da: goazen betiko jaiak antolatzera.
Oihana San Jose (O.S.J.): Pandemian gauza batzuk antolatu genituen eta orain egia da orokorrean denoi ari zaigula kostatzen pixka bat gauzak egiten hastea. Kostatu da, baina, hala ere, jendea animatuta dago eta gogotsu.
Nolakoak izango dira aurtengo festak?
M.A.: Betiko jaiak izango dira, jarduera asko antolatu ditugu, pandemiarik egon izan ez balitz bezala. Gainera, pandemian jaiak gelditu ez izanak ere ematen dio indarra.
OSJ: Zipotz Jaiak izango dira, lehen bezalaxe.
Zipotz Jaiek zer ekarpen egin diote auzoari?
-M.A.: Azkenean festak udan dira, baina jai batzordea urte osoan dago: sanjoanetan sardin-jana, santomasak, Korrika… Hor badauka bere presentzia. Hortaz, nik uste dut garrantzitsua dela jai batzordearen lana; bada erreferentea auzoan.
O.S.J.: Grosen auzotan ugari gara, oso diferenteak, noski, eta elkargune bat da auzotarrak ezagutzeko, harremanak estutzeko, ondo pasatzeko eta gauzak beste modu batean egiteko. Azkenean, guk guretzako sortzen ditugu jaiak.
Azken urtea duzue antolakuntzaren lehen lerroan.
O.S.J.: Bai, aurtengoa dugu azken urtea lehen lerroan edo. Garaia iritsi da, hamar edo hamabost urteren ondoren. Urtarrilean hasi ohi gara antolakuntzan eta lehen hiruzpalau hilabeteotan ezin izan dut lanik egin, Korrika antolakuntzen aritu naizelako. Dena den, nahiz eta lehenengo lerroan ez egon, jarraituko dut lantalderen batean zerbait egiten. Utzi, ez dut utziko.
M.A.: Nire ardura 2012tik izan da bilerak dinamizatzea, udalarekin harremana, baimenak betetzea, jaien koordinazioa… Aurtengo ikasturtea lan eta ikasketa aldetik nahikoa potentea zetorren eta ikusten nuen ez nintzela gai izango ardura hori guztia hartzeko. Era berean, nabaritzen nuen dinamika batzuetan erortzen ari nintzela. Beti egongo naiz hor, laguntzeko prest, baina ez ardura horiekin.
Lekukoa kide berriei pasako diezue. Nola ikusten dituzue?
M.A.: Egia da ez dela erraza jendea bilatzea horrelako iraunkortasun batean sartzeko, baina kide berriak badira, animatuta, gogotsu eta martxa horri oso ondo heldu diotenak.
O.S.J.: Lantalde Batzarra badago eta jendeak jarraitzen du. Aurten ezingo nuenez gauza handirik egin, pertsona bati proposatu genion inplikatzeko eta topera ari da. Beraz, hori badugu. Eta lantalde pila bat daude, gauza asko egiten dituzte, dena kudeatu. Erreleboa badago.
Beraz, aurtengo Zipotz Jaiei nola helduko diezue?
M.A.: Ni gogoz nago jaietarako, beti izan naiz gogoz eta, gainera, ez dakit nola kudeatuko dudan, baina bertan egon behar naiz. Alegia, arratsaldeko lauak baldin badira, ezin naiz etxean egon, jakinik poteoa edo bingoa dagoela.
O.S.J.: Nik berdin-berdin biziko ditut.
Nola ikusten duzue auzoa? Pandemiak eragin al du?
M.A.: Auzoa asko aldatu da. Nik jada sei urte daramatzat hemendik kanpo eta inguruan jende asko ere ez da hemen bizi, edo jada ez dago auzoan hain txertatuta. Ikusten dut, alde batetik, badirela ekintzak, baina auzoaren egunerokoan presente ez nagoenez, kostatzen zait galderari erantzutea. Izan ere, hemen etxe bat alokatu edo erostea ezinezkoa da. Beraz, horrek ere hozten du giroa. Egia da ere jaietan jendea gerturatzen dela.
O.S.J.: Auzoan eragina izan du, sozializazioan batez ere. Elkar laguntzeko aukera egon da, hori egia da, baina jendearekin egoteko, ondo pasatzeko eta jaiei lotutako guztia egiteko arazoak izan ditugu. Ea berriz berreskuratzen dugun. Auzo gisa, gero eta gehiago dago turismoari begira, gero eta zailagoa da gazteak Grosen bizi ahal izatea eta gero eta adindu gehiago gaude bertan bizitzen.
Etorkizuneko auzotarrei zer esango zenieke?
M.A.: Apustua egiteko jai herrikoien alde, ez uzteko. Haur pila bat animatzen dira erraldoi eta buruhandietan, jardueretan… Jarrai dezatela parte hartzen eta ikus dezatela hori antolatzen ari den jendea auzokoa dela; gurasoek hori azal diezaietela seme-alabei. Noski, antolatzera ere anima daitezela, azkenean, beste modu batera bizi dituzulako jaiak; askoz aberasgarriagoa da.
O.S.J.: Jarraitzea auzo izaera hori mantentzen. Izan ere, gure artean harremana sortzen badugu, auzoan bizitzeko aukera baldin badugu eta eskubidea aldarrikatu, igual jarraituko dugu auzo izaten.
Espuela: Zer galdera egingo zenioke zure buruari elkarrizketa honetan?
M.A.: Zer ekarpen egin didan jai batzordean egoteak, adibidez? Eta erantzuna: handia. Nahikoa gazte hasi nintzen gauzak antolatzen eta nire esentzia hori da. Ezin naiz egon geldirik, lagundu gabe. Pozik nago ni halakoa naizelako, eta pixka bat hori erakutsi dit jai batzordeak.
O.S.J.: Ez daukat ezer gehiago galdetzeko! Kar, kar, kar.
Espuelaren espuela: Gure inguruko zeini zer galdera egingo zenioke?
MA: Jende gazteari. Auzoa aldatu da, nik 15 urte nituenean gazte-mugimendu handia zegoelako, eta horrek animatzen zintuen antolatzera. Gaur egun gazteei esango nieke animatzeko horretara, antolatzeko. Aukera handia dute edozer antolatzeko. Ez konformatu!
O.S.J.: Nola ikusten duzun auzoa gaur egun, eta aldatu behar bada, nola? Eta nori? Auzotarrei.
Gros, bi hitzetan
Lekua:
M.A.: Txofre plaza.
O.J.S.: Katalunia plaza.
Pertsona:
M.A.: Zipotz.
O.J.S.: Oso zaila da!
Lokala:
M.A.: Auzo Elkartea jaietan.
O.J.S: Auzo Elkartea.
Giroa:
M.A.: San Tomas egunean Txofre plazan egiten den erromeria.
O.J.S.: Jaiak beraiek.
Ametsa:
M.A.: Groseko jendeak bertan bizitzeko aukera izatea.
O.J.S.: Auzoan bizi ahal izatea.